Hondartzetan edukiera kontrolatuko dute aurten ere

Maria Maya Manterola 2021eko ekainaren 14a

Aldundiak bideokameren bidez kontrolatuko du hondartzetako edukiera. Kostako herrietako udalek hondartza bakoitzeko arauak gogorarazi dituzte.

Bihar hasiko da eskualdeko hondartzetan uda denboraldia. Bigarren urtez, COVID-19aren eraginez hartutako neurriek baldintzatutako denboraldia izango da. Gipuzkoako kostako gainerako hondartzetan bezala, edukiera kontrolatuko dute aurten ere, Zumaiako, Getariako, Zarauzko eta Orioko hondartzetan, eta iaz hartutako irizpide nagusiak mantenduko dituzte oro har.

Aldundiak bideokameren bidez kontrolatuko ditu hondartzetako eremuak, eta edukiera mugatuta egongo denez, NikHondartzak aplikazioaren bidez zehaztuko dute, unean-unean, zein den hondartza bakoitzeko betetze maila. Aplikazioa martxan dago jada. Eskualdeko udalek, aldundiak hartutako neurriez gain, hondartza bakoitzeko arauak gogorarazi dituzte.

Zumaian, Itzurungo nahiz Santiagoko sarrerak eta irteerak araututa egongo dira uda honetan ere; dagoeneko jarrita daude zein bide hartu behar den azaltzen duten seinaleak. Itzurunen "hondartzainek gidatuko dituzte sarrerak eta irteerak", udalak azaldu duenez. Eskuineko aldapatik sartu beharko da hondartzara, eta ezkerreko eskailerak erabili beharko dira irteteko. Eskuineko eskailerak, aldiz, kantinara joateko izango dira.

Aurtengoan ere itxi egingo dute Itzurun marea goian dagoenetan nahiz mareak biziak direnetan. Aurreikusitako itxiera ordua baino ordubete lehenago, hortaz, hondartzan dauden guztiei eskatuko zaie, pixkanaka, handik joateko. Uretako kirol jardueretan aritzeko asmoa dutenak baino ezingo dira hondartzan sartu kasu horietan, baina ezingo dituzte haien gauzak (toallak edo bestelakoak) hondar gainean utzi.

Santiagori dagokionez, sartzeko nahiz ateratzeko balioko du aldapak. Portxutxikiko eskailerak, ordea, irteteko baino ezingo dira erabili. Kantinara eskailera horietatik igotzen direnak, gero, aldapatik joan beharko dira hondartzara bueltatzeko. Dunetatik pasatzeko bideak itxita egongo dira udan, bai eta paduraren eta zuloagatarren etxaldearen arteko bidea ere.

Hiru gomendio nagusi eman ditu udalak, neurri horiez gain: batetik, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea (1,5 metro); bestetik, musukoa jantzita izatea, bainatzean edo gutxieneko distantzia mantentzean izan ezik; eta azkenik, gehienez bi edo hiru orduko egonaldiak egitea hondartzan.

Getariako Malkorben, edukiera egokiago kontrolatzeko, bi eremutan banatuko dute hondartza, iaz egin bezala. Gaztetapen, berriz, gune bakar bat osatuko du hondartzak. Bi hondartzetako eskilarak itxi egingo dituzte, eta dutxen erdiak izango dira erabilgarri. Udalak jakinarazi du pertsona bat kontratatu dutela edukieraren kudeaketan jarduteko.

Zarautzen hamar sarrera

Zarauzko hondartzan, Xabier Txurrika alkateak duela hilabete aurreratu zuenaren arabera, hamar sarrera-irteera egongo dira, iaz baino hiru gehiago. 2020koei Bañeru kalekoa, Matxitxako kalekoa eta Orixe kalekoa gehituko dizkiete. Malekoiaren gainontzeko zatiak eta Desertu Txikia hesitu dituzte, eta sarrera-irteeretatik soilik ahalko da hondartzan sartu. Desertu Txikia iazko moduan egongo da itxita, eta malekoia modu "abegikorragoan" hesituko dutela jakitera eman zuen Txurrukak. Alkatearen hitzetan, iaz "oso epe laburrean" hartu behar izan zituzten erabakiak. Aurtengo udari begira, "pentsatzeko denbora gehiago" izan dutenez, "estetika" gehiago zainduko dutela jakitera eman zuen.

Aurten ere toldozainek kudeatuko dute Zarauzko hondartzako edukiera. Bestalde, malekoiaren ertzean egurrezko zutoinak jarri dituzte; zutoin horiek bi zulo dituzte, eta sokaz konektatuta daude. Beraz, ez da iazko obrako hesirik izango aurten, Desertu Txikian eta Munoan izan ezik. Gainera, panel informatiboak ere jarri dituzte, pandemiaren aurrean hondartzako erabiltzaileek hartu beharreko neurriaketa gomendioak emanez. Bestalde, iazko udan ez bezala, erabilgarri egongo da uda honetan moila, eta sorosle bat egongo da bertan.

Orion aldundiaren neurriez gain izango diren arauen berri eman du udalak. Txurrukako hondartza itxita egongo da irailaren 15era arte, iaz bezala. Antilla hondartzako okupazio maila, bestalde, Abaromendiko biribilgunean ezarriko duten semaforoan kontsultatu ahal izango da. Hondartzaren bi aldeak izango dira sarrera-irteerak, eta erdigunea hesitu egingo dute.

Hondartzaren eskuinaldeko dutxen eta komunen kabinak zabaldu egingo dituzte aurtengoan, iaz ez bezala. Gainera, erabiltzaileek bertan utzi ahal izango dituzte udan aulkiak edota surfeko oholak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide