Badok 13 taldea nagusitu da beterano mailako Gipuzkoako Traineru Txapelketan

Aiora Larrañaga 2021eko ekainaren 13a

Orioko emakumezkoen eta gizonezkoen ontziak bigarren eta hirugarren postuan sailkatu dira, hurrenez hurren.

Gaur, goiz-eguerdi partean, jokatu da Donostian Gipuzkoako Traineru Txapelketa, traineru denboraldiko lehen txapelketa ofiziala. Ez ohiko lurraldeko txapelketa izan da; batetik, orain arte Gipuzkoako txapelketa uztailean jokatu izan delako eta, bestetik, behe-lainoa dela eta gizonezkoen eta emakumezkoen txandak atzeratu egin behar izan dituztelako.

Beteranoen estropadarekin abiatu dute gaurko jardunaldia, 11:00etan, eta Badok 13 taldeak irabazi du 2021eko Gipuzkoako Traineru Txapelketa, 11:04:49 denbora egin eta bigarren sailkatu den Fortunari sei segundoko aldea aterata. Hirugarren izan da Zumaia; traineru gorriak 12:12:78 denboran amaitu du estropada.

Gizonezkoen lehian Hondarribia txapeldun
Beteranoen estropadaren ondoren, gizonezkoen eta emakumezkoen estropadak jokatu dituzte. Gizonezkoen lehian Hondarribia nagusitu da gaurko txapelketan. Bidasoako taldeak gizonezkoen hirugarren txandan egin du arraunean oriotarrekin eta zarauztarrekin batera, baina hasieratik estropadaren buruan jarri da. Oriotarrek lan bikaina egin dute, eta gertutik jarraitu diote Hondarribiari estropadaren lehen luzean, baina bigarren luzean ihes egin du traineru berdeak eta garaipena lortu du. Azkenean, oriotarrak hirugarren postuan sailkatu dira, Hondarribiaren eta Donostiarraren atzetik, eta Zarautz seigarrena izan da.

Zumaiak eta Getariak gizonezkoen bigarren txandan egin dute arraunean, San Pedrorekin eta San Juanekin batera. Bigarren txanda horretan San Pedro nagusitu da, baina getariarrek eta zumaiarrek ez dute amore eman. Sailkapen orokorrean, bosgarren sailkatu da Esperantza ontzia eta Zumaiako Telmo Deun zortzigarrena izan da.

Emakumezkoen txapelketa Donostia-Arraun Lagunak taldeak irabazi du, Orioko neskei sei segundoko aldea aterata. Ziabogara arte bi taldeak pare-parean joan dira, baina azken luzean aurre hartu du etxeko taldeak. Hala, 11:03:40 denbora egin dute donostiarrek eta 11:09,89 oriotarrek. Oriotarrez gain, Zumaiako eta Zarauzko nesken ontziek ere parte hartu dute txapelketan: zumaiarrak bosgarren postuan sailkatu dira eta zarauztarrak bederatzigarrenak izan dira.

Hona hemen sailkapenak:

GIZONEZKOAK
1.- Hondarribia 20:01,27
2.- Donostiarra 20:08,30
3.- Orio 20:25,73
4.- San Pedro 20:36,49
5.- Getaria 20:48,39
6.- Zarautz 20:51,95
7.- San Juan 20:57,75
8.- Zumaia 21:07,60
9.- Lapurdi 21:48,01
10.- Mutriku 21:59,85
11.- Hibaika 22:15,57
12.- Ilunbe 23:55,24

EMAKUMEZKOAK
1.- Arraun Lagunak 11:03,40
2.- Orio 11:09,89
3.- Tolosaldea 11:15,75
4.- Hondarribia 11:19,09
5.- Zumaia 11:20,88
6.- Donostiarra 11:23,76
7.- Hibaika 11:29,25
8.-  San Juan 11:33,78
9.- Zarautz 11:57,31
10.- Lapurdi 12:36,55

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide