Gipuzkoako Traineru Txapelketak abiatuko du igandean udako traineru denboraldia, eta bertan izango dira Getaria Arraun Kluba, Orio Arraunketa Elkartea, Zarautz Arraun Elkartea, Zarauzko Badok13 taldea eta Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkartea. Normalean, uztailean jokatu izan da lurraldeko txapelketa, baina aurtengoan data aldatu egin dute. Izan ere, Traineruen Kluben Elkarteko taldeek eskatu zuten txapelketa guztiak —lurraldeetakoak, Euskadikoa eta Espainiakoa— ligak hasi aurretik jokatzea, baina Gipuzkoako Federazioko batzarrak bakarrik onartu zuen proposamena.
Hala, igandean 11:00etan hasiko da txapelketa eta hiru mailatan banatuko dute, hurrenkera honetan: beteranoak lehendabizi, senior gizonezkoak ondoren, eta emakumezkoak bukatzeko. Guztira, 25 taldek parte hartuko dute, zazpi txandatan banatuta. Gainera, aurten berrikuntza bezala, emakumezkoen txapelketa izango da jokatzen azkena. Berdintasunaren bidean urratsa egiteko asmoz aldatu du hurrenkera federazioak, "pixkanaka" gauzak aldatzen joateko.
Ondoko hurrenkeran jokatuko dute Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako taldeek:
Orio
- Gizonezkoen taldea: 4. txandan, 12:30ean
- Emakumezkoen taldea: 7. txandan, 13:40ean
Getaria
- Gizonezkoen taldea: 3. txandan, 12:00etan
Zarautz
- Beteranoen taldea (Badok13): 1. txandan, 11:00etan
- Gizonezkoen taldea (ZAE): 4. txandan, 12:30ean
- Emakumezkoen taldea (ZAE): 5. txandan, 13:00etan
Zumaia
- Beteranoen taldea: 1. txandan, 11:00etan
- Gizonezkoen taldea: 3. txandan, 12:00etan
- Emakumezkoen taldea: 6. txandan, 13:20ean