Orioko emakumezkoek beraien nagusitasuna erakutsi dute Lekeition

Aritz Mutiozabal 2021eko ekainaren 6a

Gizonezkoetan, Orioko trainerua bosgarren postuan sailkatu da, Hondarribia garaile izan den estropadan; Getaria seigarren eta Zarautz Gesalaga Okelan hamaikagarren. Emakumezkoetan, Zumaia seigarrena izan da.

Lekeitioko gizonezkoen 42. eta emakumezkoen 10. banderen estropadak jokatu dituzte gaur goiz-eguerdi partean hainbat euskal traineruk, asko eta asko goiko mailetan lehiatzen direnak, denboraldi berrirako test moduan baliatuta. Urola Kostatik bost ontzi aurkeztu dira hitzordura, eta denetariko emaitzak izan dira batzuentzat zein besteentzat.

Orioko emakumezkoek zapore gozoarekin bukatu dute gaurko jardunaldia,aurreko bi urteetako dinamikarekin jarraitzen dutelako, beraien arraunketa serioa eta dotorearekin. Izan ere, denboraldi-aurrea garaipen batekin hastea beti ematen duelako konfiantza handia: Lekeition, Donostiarra eta Hondarribia baino gehiago izan dira, 9 eta 13 segundoko aldea atera diete, eta bandera irabazi dute. Zumaiako neskak ere fin aritu dira, eta lan txukuna baten ondoren, seigarren postuan sailkatu dira, Donostia Arraun Lagunaken atzetik.

Gizonezkoei dagokienez, Orio izan da eskualdeko ontzirik azkarrena. Azken txandan aritu dira, Hondarribia, Zierbena eta Urdaibairekin batera, baina haizeak arrotz jo du estropadan zehar, eta gorabeherak egon dira. Azkenean, oriotarrak laugarren izan dira, baina aurreko txandan aritu den Donostiarrak denbora hobea egin duenez, bosgarren bukatu du sailkapenean.

Bigarren txandan nagusitasunez aritu den Getariak eskuratu du seigarren postua, eta Zarautz Gesalaga Okelanek, berriz, hamaikagarren amaitu du saikapen orokorrean; zarauztarrak hirugarren txandan lehiatu dira, Donostiarra, Ondarroa eta Lekittarrarekin, eta azkenak iritsi dira helmugara.

Edonola ere, test estropata izan da gaurkoa, eta norbere ligak hasteko aste batzuk falta dira. Beraz, oraindik eskifaia puntuan jartzeko denbora izango dute eskualdeko arraun taldeek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide