HAPO berriari buruzko iritzia aurrez aurre eman ahal izango dute zumaiarrek hurrengo astean

Dorleta Agiriano Lai 2021eko ekainaren 3a

Ekarpenak jasotzeko bi saio egingo ditu Zumaiako Udalak: norbanakoak ekainaren 9an elkartuko dira udaletxean, eta "herriko elkarte eta mugimenduetako ordezkariak", aldiz, ekainaren 10ean. Maiatz erdialdean aurkeztu zuten Zumaiako HAPO berriaren proposamena.

Maiatzean Oxforden egon da ikusgai HAPO berria laburbiltzen zuen erakusketa.

Aurrera doa Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria osatzeko prozesua. Udalak maiatzaren 14an aurkeztu zuen planaren proposamena, eta parte hartze prozesu bat ere jarri zuen martxan: bizilagunen iritzia jasotzeko galdetegi bat dago martxan www.hapo-zumaia.eus web-orrian, maiatzean HAPO berria laburbiltzen zuen erakusketa bat egon zen ikusgai Oxford aretoan, informazio hitzaldi bat eskaini zuen udalak maiatzaren 20an, eta orain, zumaiarrek aurrez aurre parte hartzeko bi saio izango dira.

Ekainaren 9an egingo dute lehenengo bilera, eta egun horretan norbanakoek hartu ahal izango dute parte, HAPO berriari lotuta egin ditzaketen ekarpenak egiteko. Hurrengo egunean, ekainaren 10ean, "herriko elkarte eta mugimenduetako ordezkariek" izango dute hitzordua. 18:30ean hasiko dira bi saioak, udaletxean. Euskaraz nahiz gazteleraz hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Parte hartze saioetara joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, lotura honen bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide