Hastear dira TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenantzaren udako denboraldiak Orion, Zarautzen eta Zumaian. Orion gaur jarriko dute martxan udako araudia, eta Zarautzen, aldiz, ostegun honetan, ekainaren 3an. Zumaian, dena den, sasoi berria ez da ekainaren 15era arte hasiko. Denboraldiaren iraupena desberdina izango da udalerri bakoitzean; Orion irailaren 12an amaituko da udako sasoia, Zumaian irailaren 15ean, eta Zarautzen irailaren 30ean.
Orioko Udalak joan den astean gogorarazi zuen, aurreko urteetan bezala, aparkatzeko eranskailua etxera bidali dietela ibilgailuaren zerga dagoeneko ordainduta daukaten eta udalarekin inolako zorrik ez daukaten bizilagunei. Horiek, beraz, ez dute aparteko ordainketarik egin beharko futbol zelaiaren ondoan edo hondartzan aparkatzeko; aurtengo eranskailua ez daukatenek, ordea, bai.
Zarautzi dagokionez, udalak azaldu du gutunak bidali dizkietela etxera bizilagunei, TAOren inguruko informazio guztiarekin. Hala, pixkanaka, bineta zaharrak kendu eta aurtengo ordainketak egin beharko dituzte erabiltzaileek; ordainketa helbideratuta daukatenen kasuan, etxean jasoko dituzte bineta berriak. Hala ere, ekainaren 25a izango da aurtengo ordainketak egin eta binetak berritzeko azkeneko eguna; egun horretatik aurrera, aurtengo eranskailua ez daramaten ibilgailuei zigorrak ezarriko dizkie udalak. Zarauzko TAO bulegora joan daitezke zalantzak dituzten herritarrak, eta hainbat argipen jasotzen dituen agiri bat ere argitaratu du udalak bere web orrian (zarautz.eus).
Zumaian, bestalde, udalak maiatzean igorri zituen TAOren txartelak berritzeko agiriak. Herritarren eta Zumaian kokatutako enpresen eta gremioen kasuan, ekainaren 14a baino lehen egin beharko dituzte aurtengo tarifaren ordainketak; egun horretara arte, orain artekoak erabili ahal izango dira. Ekainaren 14an sartuko dira indarrean txartel berriak, eta 2022ko ekainera arte balioko dute. Ordainketa egiteko bi modu daude, udalak zehaztu duenez: banketxeen bidez, edo egoitza elektronikoaren bidez; egoitza elektronikoa eskuragai dago Zumaiako Udalaren webgunean (zumaia.eus).
Ireki ditu ateak Zumaiako TAO bulegoak; hortaz, etxera bidalitako ordainagirietan akatsak egonez gero, zumaiarrek bulegora jo dezakete akats horiek kudeatzeko. Astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, eta bertaratzeko asmoa dutenek hitzordua hartu behar dute aurrez. Horretarako, telefonoz deitu behar da 672 09 87 18 zenbakira, edo mezu bat ere bidal daiteke zumaia-tao@eysaservicios.com helbide elektronikora.
Ordenantza berriak
Zumaian Aste Santua hastean sartu zen indarrean TAO sistema berria. Ordenantza horren arabera, urte osoan araututa dauden eremuez gain, beste hainbat gunetan ere jarriko dute martxan araudia udako denboraldian. 10:00etatik 20:00etara egoten da martxan erregulazioa, eta ordutegi hori bukatzean, doakoa da herrian aparkatzea.
Neguko nahiz udaberriko eta udazkeneko sasoietan doan aparkatu daiteke Zumaiako Alai auzunean (B2), baina udan errotazio handiko gune modura hartuko da, eta modu horretan egongo da araututa. Txomin Agirreko B1 eremuari (Zubitxikitik Moilaberriko zubira, ibaiertza eta Pulpo paretik birabusera) dagokionez, udaberriko eta udazkeneko denboraldietan asteburuetan eta jaiegunetan baino ez da erregulatuko, baina udan egunero funtzionatuko du errotazio handiko gune modura.
Egonaldi ertaineko guneen sistema, bestalde, udan soilik izango da martxan Zumaian, eta mota horretako hiru eremu izango dira guztira: Axular ibiltokia, itsas kiroldegia eta Sagarbide-GKN ingurua. Aurreko ordenantzetan ere zehaztu izan den bezala, gune horietan doan aparkatu ahal izango dute zumaiarrek lehen sei orduetan.
Zarautzen udako sasoia hastearekin batera sartuko da indarrean trafikoari eta aparkamenduari buruzko ordenantza berria; alegia, ostegun honetan. Udako denboraldian, ohi bezala, zonifikazioa aldatuko da aparkaleku eremuei dagokienez. TAOri lotutako erregulazio arrunta ezarriko dute 2. eremu ia osoan, eta aldi baterako edo behin-behineko aparkaleku gune modura sailkatuko dituzte eremu horretako beste zenbait toki.
Zarauzko Udalak onartutako ordenantza berriak jasotzen duenez, Alde Zaharra izango da 1. eremua, baina 2. eremua osatuko dute gainontzeko leku guztiek. Araudi berriarekin, gainera, egoiliarren plaza kopurua handitzea erabaki zuen udalak, 90 plaza berri egokituta. Horretaz gain, eremu urdineko 75 plaza gehiago jarriko dituzte uda honetan Salberdingo aparkalekuan. Era berean, Astiko kirolguneko aparkalekua TAOk araututako eremuaren barruan aurreikusi dute, eta horrela erabili ahal izango da, beharra egonez gero.
Gune urdineko eta egoiliarren tarifak ere igoko dituzte Zarautzen ordenantza berriarekin; binetak 35 euroko kostua izango du urtean.