Europako Geoparkeen Astearen barruan eta Gipuzkoako Orientazio Taldearekin elkarlanean, orientazio jolasak egin dituzte gaur herrian. Ekimen horien helburua da orientazio kirola sustatzea eta Geoparkearen natura ondarea ezagutzera ematea.
Beheko Plazan elkartuta, orientazioari buruzko beharrezko azalpenak jaso dituzte bertaratun diren gazte eta helduek, eta ondoren egin dituzte jolasak.
Lehenengoa Beheko Plazan egin dute. Antolatzaileek kono batzuk ipini dituzte plazan zehar -kono bakoitza irakurgailu elektroniko batekin- , eta ondoren ibilbide ezberdinak irudikatzen zituzten mapa txiki batzuk eman dizkiete parte-hartzaileei. Herritarren ardura izan da mapako ibilbidea kopiatu eta beste gailu elektroniko bat ibilbideko konoetan txertatzea.
Ondoren, beste mapa bat eman zaie herritarrei. Maparekin lagunduta, inguruan jarri dituzten balizak aurkitu behar izan dituzte parte-hartzaileek, eta bakoitzean zeuden Geoparkeko altxorrei edo ondareari buruzko galderak erantzun behar izan dituzte.
Behin baliza guztiak aurkituta eta galderak erantzunda, esaldi bat osatu behar izan dute galdera bakoitzean jasotako hizkiekin.