Zumaian izan den sexu erasoa salatu dute ehunka pertsonak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 28a

Elkarretaratze isila egin dute ehunka pertsonak Beheko Plazan, aurreko asteburuan Zumaian izan zen sexu erasoa gaitzesteko eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazteko. Herriko hainbat tabernak itxita izan dituzte ateak protestak iraun duen bitartean.

Atzo, osteguna, eman zuen udalak herrian gertatutako sexu erasoaren berri. Gizon batek emakume bati eraso zion aurreko asteburuan, eta erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu zuten udalak eta Zumaiako Mugimendu Feministak. 19:00etan hasi da protesta isila Beheko Plazan, eta adin guztietako jendea bildu da; herrian aspaldian egindako mobilizaziorik jendetsuena izan da.

Ordu horretan ateak ixtea erabaki dute herriko zenbait tabernak, mobilizazioarekin bat egiteko. Elkarretaratzeak iraun duen bitartean itxita egon dira, besteak beste, Metro, Taosa, Leize, Inpernupe, Goiko eta Nikol tabernak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide