Zumaiara 10:45ean heldu da bizikleta martxa, eta Zubitxikian harrera egin diete pentsiodunek zein beren borrokarekin bat egiten duten gainerako herritarrek. Beheko plazan bertsoak abestu dizkie Jon Maiak, eta gero Pello Enparan pentsiodunen mugimenduko kideak hartu du hitza. Mugimendu Feministako Miren Osak, Gazte Koordinadora Sozialistako Aitor Tenak eta Ernaiko Arhane Berriozabalek ere parte hartu dute hitzartzean. Pentsiodunen borroka txalotu eta beren babesa adierazi diete hirurek.
Atzerapen pixka batekin baina, 11:30ak pasatxo zirela iritsi da bizikleta martxa Getariara 25 parte hartzailerekin. Getariako alkate Haritz Alberdi batu da mobilizaziora herriaren sarreran; herriko zenbait ordezkarirekin batera, martxaren aurretik joan dira oinez. Ondoren, indarberritze aldera, hamaiketako izan dute udaletxe aurrean.
Zarautzera 12:45ak aldera heldu dira txirrindulariak, eta harrera beroa egin diete herriko pentsiodunek nahiz beste dozenaka herritarrek. Gero Zarauzko kaleetan barrena zabaldu dituzte haien aldarrikapenak, bizikleta gainean nahiz oinez. Lege Zaharren Enparantzan elkartu dira guztiak 13:00etan, eta han egin dute amaiera ekitaldia. Hitza hartu dute Zarauzko pentsiodunen mugimenduko kideek, eta bihar Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestazioan parte hartzera deitu dute. 17:00etan aterako da Alderdi Ederretik.
Jakinarazi dutenez, "bi helburu nagusi" izango dituzte bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioek; batetik, "erakunde estatalei zein autonomikoei" pentsiodunen eskakizunak betetzeko eta eskatzea, bestetik, "indarrean dauden eta ezarri nahi diren murrizketak berehala indargabetzea" exijitzea.
Bizikleta martxa 16:30ak aldera iritsi da Oriora, eta giro ederrean zeharkatu dituzte herriko kaleak, gora pentsiodunak! oihu artean.