Zumaiako Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du asteburuan herrian gertatutako sexu erasoa salatzeko. Oharrean azaldutakoaren arabera, gizonezko batek emakume bati sexu erasoa eragin ziola jakin du udalak, eta horren aurrean, erabateko gaitzespena adierazteaz gain, elkartasun eta babes osoa adierazi nahi izan die erasoa jasan duen emakumeari eta bere ingurukoei. Era berean, jakinarazi dute erasotutako emakumearen esku baliabide guztiak jarri dituztela, baita "bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia" ere.
Gertaeren berri izan, eta erasoaren aurkako protokoloak zehazten dituen pausoak jarraitu zituen lehenbizi udalak, emandako azalpenen arabera. Udalak "jarrera irmoa" adierazi nahi izan du, gainera, emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasoen aurka. Bestalde, herritar guztiei bide bat eskaini nahi izan diete, "gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita soilik erasoa edo hilketa pairatzen duten emakumeen arazoa, jendarte guztiarena baizik".
Udalaren hitzetan, instituzioen ardura da herritarren giza eskubideak bermatzea, eta "lehentasunezko konpromiso politikoa" berretsi nahi izan du indarkeria sexistaren aurkako borrokan. Herritar guztien inplikazioa beharrezkotzat jo dute, gainera; udalaren arabera, herritar bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria baita eraso bat saihesteko.
Erasoa salatzeko, Zumaiako Udalak eta Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute biharko, ostirala. Protesta Beheko plazan izango da, 19:00etan hasita.
Irakurri hemen Zumaiako Mugimendu Feministaren gutuna