Eskualdeko hiru taldek egin dute aurrera Herriarteko txapelketan

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 26a

Eskuzko lehian Azpeitia sailkatu da final laurdenetarako; Azkoitiak eta Zestoak ez dute gainditu kanporaketa. Gomazko paletan, Azkoitiak eta Zarautzek bakarrik irabazi dute. Zesta puntan, Zumaiak orain arte jokatutako hiru jardunaldiak irabazi ditu.

Heren batera murriztu da eskualdeko ordezkaritza pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, final zortzirenetako norgehiagokak erabaki ondoren. Sei herritako bederatzi talde lehiatu dira, eskuzko eta gomazko paletako modalitateetan banatuta, eta horietatik hiruk bakarrik lortu dute final laurdenatarako txartela.

Eskuzko txapelketan, hirutik batek egin du aurrera, Azpeitiak. Ilunpekoek ondo bideratuta utzi zuten kanporaketa joanekoan, Oñatin, eta itzulerako partidetan borobildu zuten garaipena, etxean. Joanekoan bezala, hiru neurketak alde handiarekin irabazi zituzten azpeitiarrek: 22 eta 2 nagusitu ziren kadeteetan zein jubeniletan, eta 22 eta 6 seniorretan. Hernanirekin neurtuko dituzte indarrak Azpeitiko pilotariek final laurdenetan.

Azkoitiak eta Zestoak, aldiz, ez dute lortu eskuzko lehiaren final zortzirenetako koska gainditzea. Azkoitiko Oteiza elkartekoek partidarik irabazi gabe esan diote agur aurtengo Herriartekoari. Oiartzunen jokatutako joanekoan bezala, Gurea pilotalekuko itzulerako neurketa guztiak ere oiartzundarrek irabazi zituzten: 10 eta 22 kadete mailakoa, 13 eta 22 jubeniletakoa, eta 15 eta 22 senior mailakoa. Zestoak, berriz, 5 eta 1eko emaitzarekin galdu du Alegiaren kontra; Alegian hiru neurketak galdu ondoren, bat irabaztea lortu zuten larunbatean zestoarrek etxean.

Azkoitia eta Zarautz

Gomazko paleta txapelketan zabalagoa izan da aurten eskualdeko ordezkaritza Herriartekoan, baina hor ere gehienak kalera joan dira final zortzirenetan. Hain zuzen ere, Azkoitiak eta Zarautzek bakarrik lortu dute final laurdenetara sailkatzea.

Azkoitiarrek Errenteria utzi dute kanpoan final zortzirenetan. Aurreko astean Errenterian abantaila garbia lortu zuten Azkoitikoek, hiru neurketak irabazita. Itzulerakoan, 2 eta 1 izan zen emaitza, eta, horrenbestez, 5 eta 1 gailendu dira azkoitiarrak. Itzulerakoan, binakako neurketan bakarrik ihes egin zien garaipenak.

Zarautzek ere aurrera egin du, eta, ondorioz, kanpoan gelditu da Orio, kostako bi herrietako palistak aurrez aurre aritu baitira final zortzirenetan. Orion jokatutako joanekoan 0 eta 3 nagusitu zen Zarautz, eta itzulerako partida bertan behera gelditu ostean baieztatu dute garaipena zarauztarrek; Oriok ezin izan du taldea osatu itzulerako.
Aia, Azpeitia eta Zestoa ere galtzaile izan dira gomazko paletako final zortzirenetan. Aiaren kanporatzea izan da mingarriena, garaipenetan Astigarragarekin hiruna berdindu ostean, tanto kopuruarengatik gelditu baitira final laurdenen atarian; 16 tanto gehiago batu zituen Astigarragak kanporaketan, eta horiei esker egin du aurrera.

Azpeitiko palistei dagokienez, Tolosaren kontrako kanporaketa 4 eta 2 galdu dute; eta Andoainek aise gainditu du Zestoa, 6 eta 0.

Zumaia, indartsu zestan

Zesta-puntan, Zumaia da eskualdeko ordezkari bakarra Herriartekoan. Donostiarekin, Hondarribiarekin eta Mutrikurekin batera, sei jardunaldiko ligaxka jokatzen ari dira. Hirugarren jardunaldia jokatu du Zumaiak asteburuan, eta hirugarren garaipena lortu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide