Zumaiako HAPO berriaren eta hori osatzeko parte hartze prozesuaren inguruko azalpenak eman dituzte

Maria Maya Manterola 2021eko maiatzaren 21a

Aurrerakina osatu du dagoeneko udalak, eta dokumentu hori jendarteratzea da hurrengo pausoa. Lehen informazio saioa egin zuten atzo, osteguna, Oxford aretoan. Ekainaren 9an eta 10ean izango dute bizilagunek dokumentu horri ekarpenak egiteko aukera.

HAPO Hiri Antolakuntzarako Plan Orokor berriaren proposamena prest du dagoeneko Zumaiako Udalak. Herritarrek Parte Hartzeko Programa osatzen, Hirigintza Informazioa lantzen eta Aurrerakina prestatzen aritu dira azken hilabeteotan, eta orain, Aurrerakina aurkeztu ondoren, jendarteratzea da asmoa. Bizilagunei dokumentu horren inguruko xehetasunak azaltzeko informazio saioa izan zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. HAPOri lotutako "prozesu, gai eta eduki garrantzitsuak" aurkeztu zituzten bertan.

HAPOren irizpideak eta helburuak zehazten ditu Aurrerakinak, baina ez da behin betiko dokumentua. Izan ere, Iñaki Ostolaza alkatearen hitzetan, "eztabaidarako dokumentua" da. Aurrerakina gizarteratzeko hiru bide izango ditu udalak: hirigintza eremu teknikotik herritarrei gerturatzea helburu duen Argazkiak eta hizkiak Zumaiako hirigintza antolatzeko erakusketa, batetik; eta hitzaldiak eta herritarrek ekarpenak egiteko saioak, bestetik. 

Hasteko eta behin, argitu nahi izan zuten udalerriko eremu fisikoan zer, non eta zenbat egin daitekeen arautzen duela HAPOk. Hau da, hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria eta urbanizaezina bereizten ditu. Zumaiako HAPO berriaren proposamenak hamar gai biltzen ditu orotara, hiru multzotan banatuta: espazioak (ingurune naturala, mugikortasuna eta espazio publikoa), eraikinak (etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak) eta zeharkako gaiak (ondarea, turismoa, jasangarritasuna eta klima aldaketa eta inklusibitatea). 

Gai horiek guztiak banaka azaldu zituzten gero. Ingurune naturalari dagokionean, lurzoruaren antolamendua oso baldintzatuta dago, udalaren arabera, biotopoaren, LAG Lurralde Antolamenduaren Gidalerroaren eta LPS Lurralde Plan Sektorialaren aldetik, besteak beste. Bestetik, maparen gainean banatzen ditu lurzoru urbanizaezinak, ingurumen hobekuntzarako eremuak eta nekazaritza, abeltzaintza eta landa.

Mugikortasunaren arloan, bestalde, Zumaiako herriguneko eta sarrera-irteeretako trafiko fluxuak hobetzea proposatu dute, horretarako Sagarbideko eta Zubitxikiko bideak moldatuz. Era berean, udalerriko guneen arteko bideak hobetu nahi dituzte, horien artean, eraiki nahi duten Bitarteberriko zubia. Eta, azkenik, Oikiako barne zirkulazioa hobetzeko proposamena egin dute mugikortasunean. Hirigunean ibilgailu pribatuen presentzia ahalik eta txikiena izan dadin, bestetik, disuasio aparkalekuz hornitu nahi dute udalerria, baita bizitegi aparkalekuak antolatu ere (Torreaga eta Puntanoeta II). Horrez gain, bizikletentzako eta oinezkoentzako bideen loturak hobetzea proposatu dute. 

Espazio publikoa berrantolatzeko, espazio libreak berreskuratzea lehenetsiko dute. Alde Zaharrean, Merkatua, Komentuaren ingurua eta  Olazabal Idazkariaren kalea izatea nahi dute espazio horiek, eta maila globalean, itsasargia, Juan Belmonte, Larretxo, Komentua, San Jose, Flores eta Zementu fabrika. Erabilera jakin batzuetarako ere gorde nahi dituzte espazio publikoak: gaur egun dauden hiri baratzeak mantentzeaz gain, Joxe Mari Korta industriagunearen aldameneko eguzki soroak ezartzea da proposamena. 

Eraikinen berrantolaketa

"Hiri hutsuneak betetzeari" eta "Zumaiako azalera zaharkituak berrerabiltzeari" eman nahi diote lehentasuna etxebizitzaren arloan. Gune horiek izango dira Erribera kalea, Odieta-San Jose, Arrangoleta, Estazioa, Torreaga, Puntanoeta II, Oikia eta Basustabidea. Guztira, 668 etxebizitza berri eraikitzeko proposamena egin dute (LAGen arabera, gehienez 1249 egin daitezke). 

Udalerriko merkataritza eta industria jarduerak bultzatzeko, egungo industrialde batzuen garapena osatzeaz eta handitzeaz gain, Santiago hondartzaren inguruan hirugarren sektoreko jarduerak sustatu nahi dituzte. Oro har, ekipamenduei dagokienez, ekipamendu sarea ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik hobetzeko, handitzeko eta finkatzeko mekanismoak jarri nahi dituzte martxan. Futbol zelaia eta merkatua lekualdatu nahi dituzte, eta baita lehendik dauden ekipamenduak birgaitzea lehenetsi ere, eraikin berriak garatu aurretik. 

Zeharka eragiten duten arloak

Zeharka udalerriaren antolaketan eragiten duten arloak ere zehaztu dituzte; ondarea da horietako bat. Kultura intereseko ondasunak eta elementuak babestea, zaintzea eta zabaltzea nahiz kultura ondarea birgaitzea eta berreskuratzea lehenetsi dituzte proposamenean. 

Gogoeta ere egin nahi dute, turismoaren arloan lurzoru urbanizaezinean landetxeak edo antzekoak edo beste jarduera batzuk ahalbidetzearen egokitasunari buruz. Jarduera ekonomikoko eremuekin talka egin ez dezan, autokarabanentzako aparkalekua Urola plazara lekualdatzea aurreikusi dute, bestetik. Turismoak ahalik eta trafiko txikiena eragiteko, gainera, disuasio aparkalekuak jartzea da proposatzen dena. 

"Hirigune trinkoak eta askotarikoak" garatzea lehenetsiko dute, bestetik, jasangarritasunari dagokionean. Aurrerakinean jasotzen denaren arabera, "hiri ehunen optimizazio funtzionala eta birmoldaketa sustatu eta espazio marjinalak berreskuratuko" dituzte. Era horretan, hiri bereizketa eta sakabanaketa ekidin nahi dituzte. 

Inklusibitatea ere kontuan hartu nahi izan dute Aurrerakinean. Kontziliazioa errazteko, eraikinen eta eguneroko bizitzako espazioen arteko ibilbide denborak murritzak izan daitezen berrantolatuko dute udalerria. Behar espezifikoak dituzten pertsonak ere aintzakotzat hartu nahi ditu etorkizuneko HAPOk: ekipamendu sare bat osatu nahi dute adingabeentzat, adinekoentzat, mendekotasuna dutenentzat edota kalteberatasun egoeran daudenentzat. Zaintzaren inguruko harremanen sarea erraztuko duen espazio publikoen sarea sortzeaz gain, "oinezkoen mugikortasun segurua eta irisgarria" sustatu nahi dituzte. 

Ekarpenak egiteko saioak

Behin Aurrerakina jendaurrean aurkeztuta, Zumaiako bizilagunen ekarpenak, kezkak eta zalantzak jasotzea izango da hurrengo urratsa. Udalak bi informazio saio antolatu ditu horretarako: ekainaren 9an eta 10ean izango dira saio horiek, 18:30ean Alondegiko Oxford aretoan. Nolanahi ere, herritarrek dagoeneko ekarpenak egin ditzakete hapo-zumaia.eus webguneko Galdetegi digitala atalean. Uztailaren 1a izango da galdetegia online betetzeko azken eguna.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide