Donostiako Udalak surf parka eraikitzeko asmoa du Martutene auzoko Antondegi Gainean, itsasotik lau kilometro eskasera. Aizarnazabaleko Wavegarden enpresarekin batera garatu dute proiektua, eta iragarri zutenetik zeresan handia ematen ari da. Izan ere, Donostiako ·”gerriko berdea” deitzen zaion ingurune naturalean egin nahi dute olatu artifiziala, eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen kalteekin kezkatuta, kontra azaldu dira zenbait elkarte eta norbanako. Hala, surfaren eta ekologiaren alorreko zazpi elkartek Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan kolektiboa eratu zuten martxoan; tartean, Surfider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista eta Itsas Enara elkarte ornitologikoa. Greenpeaceren babesa ere jaso du kolektiboak.
Ingurumena babestea helburutzat joz, egitasmoa ez gauzatzearen aldeko hainbat argudio aurkeztu zituen kolektiboak. Orain, arrazoibide horien osagarri modura, Donostian olatu artifiziala egitearen kontra dauden surflariek dokumentu bat aurkeztu dute, 15 arrazoi gehiago aurkeztuz. Gipuzkoako hondartza guztietako surflarien sinadurak ere biltzen ditu dokumentuak, tartean eskualdeko surflarienak ere bai. Azpimarratu dutenez, proiektuak ez dio surf komunitatearen eskaera edo behar bati erantzuten, eta aurrerantzean, sinadura bilketa zabalagoa egiteko eta mobilizatzeko asmoa azaldu dute.
Surflari hauek daude dokumentuaren lehen sinatzaileen artean:
- Orio: Andoni Fernandez Ostolaza, Unai Aizpurua, Aurora Makazaga eta Iñigo Urdinaga
- Zarautz: Lo Eizagirre, Miriam Imaz, Mikel Troitiño
- Getaria: Ganix Arakistain, Iñigo Herrero
- Zumaia: Alex Uranga