Urrezko sei domina eta brontzezko bat eskuratu ditu Itxas Gainek Euskadiko Maratoi Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2021eko maiatzaren 3a

Joan den larunbatean Langara Ganboan jokatutako Euskadiko Maratoi Txapelketan parte hartu zuen Itxas Gainek, eta sei urrezko domina ekarri ditu Zumaiako piraguismo klubak.

Irati Osak emakumezko seniorretan irabazi zuen, amaierara bakarrik iritsiz. Xabier Osak eta Unai Azkunek ere garaile izan ziren, gizonezko k2 seniorretan. Irati, Xabier eta Unai euskadiko selekzioarekin udan egingo den k4-ko probara sailkatu dira emaitza hauekin.

Beterano mailan, Jon Lazkano, eta junior mailan, k2-an, Peio Gonzalez eta Jon Ander Lazkano ere nagusi izan ziren. Gizonezko seniorretan, berriz, Martin Egaña hirugarren izan da esprintean amaitutako estropadan.

Oihan Urbieta laugarren izan zen jubenil k1-ean, eta Kaiet de Anta eta Unai Segurolak ere emaitza bera lortu zuten kadete mailako k2-an.

Hurrengo astean Xabier, Irati eta Martinek Espainiako Txapelketa jokatuko dute Pontevedran (Galizia). Europako Txapelketara joateko txartelak egongo dira jokoan bertan. 

Espainiako Itsas-kayak Kopan, emaitza bikainak

Bestalde, asteburuan Itxas Gain taldeko bost kide Villajoyosan (Alakant) jokatu den Espainiako Itsas-kayak Kopan izan dira. Bertan emaitza bikainak eskuratu dituzte. Piragua modalitate honetan mediterraneo aldeko klubek, balear eta kanariar irletakoekin batera, nagusi direla erakutsi dute. Aipatzekoa Euskal Herritik joandako lau taldek sekulako emaitzak lortu dituztela, goruntz doan modalitate honetan. 

Larunbatean SS1 mailako estropada jokatu zen, Campello eta Villajoyosa artean. 17 kilometroko estropada zen, eta lehenbiziko 5 kilometroak itsaso barea eta ia haizerik gabe jokatu zituzten. Gero, iragarpenak aurrekusten zuen bezala, haizea altxa eta haize-olatu ederrez gozatu ahal izan zuten.

Aipatzekoa da baldintza tekniko hauetan ez daudela ohiturik, gure kostaldean gutxitan izaten direlako baldintza horiek.

Larunbateko emaitzak ondorengo hauek izan ziren: 

  • Joxe Mari Villagarcíak Beterano maila orokorreko garaipen nagusia lortu zuen, primerako dembora markatuz.
  •  Oier Aizpuruak, gizonezkoetan beterano -45 mailan ere garaipena lortu zuen.
  • Javier Lizancosek, gizonezkoen beterano +55 mailan ere garaipena lortu zuen.
  • Maite Etxabek, emakumezkoen beterano -45 mailako garaipena bereganatu zuen baita.
  • Eñaut Aizpuruak, beterano +45an laugarren egin zuen.

Igandean, berriz, SS2 modalitateko estropadak jokatu ziren, eta hemen ere Euskal Herritik gerturatutako kideek emaitza bikainak lortu zituzten. 

  • Oier Aizpuruak eta Jose Mari Villagarcíak gizonezkoen beterano -45 mailan garaipena lortu zuten, eta estropada orokorreko 7 garren poztu txalogarri bat eskuratuaz.
  • Eñaut Aizpuruak eta Javier Lizancosek gizonezkoen beterano +45 mailan ere garaipena lortu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide