Musi-K udaleku musikalak egingo dituzte Zumaian uztailaren 19tik 30era

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 1a, 15:38

HH4tik LH6ra bitarteko haurrek parte hartuko dute, eta aurre-izen ematea asteartean, maiatzaren 4an, irekiko dute.

Gerturatzen ari da uda, eta hala, udaleku eskaintzen berri ematen hasi dira erakundeak eta eragileak. Esaterako, Zumaian herriko txikienek musika udalekuetan parte hartzeko aukera edukiko dute uztailaren 19tik 30era, eta asteartean, maiatzak 4, zabalduko da aurre izen ematea.

Musi-K udalekuak HH4tik LH6ra arteko umeentzat antolatuko dituzte (09:30etik 13:00etara izango dira), eta bertan parte har dezakete bai musika ikasten ari direnek, bai ikasketa formalik jasotzen ez dutenek. Ubillos jauregian egingo dituzte udaleku hauek, musika ardatz hartuta. 85 euro kostako da matrikula, eta 65 euro ordainduko dituzte familia ugariek.

Pausoak

Interesa dutenek izena emateko orria bete eta postaz (alondegia@zumaia.eus) edo Alondegian bertan utzi ahalko dute.

Tokia mugatua denez, eskaera gehiegi baleude zozketa bidez erabakiko litzateke nork parte hartuko duen udaleku hauetan. Maiatzaren 25ean posta elektronikoz mezua jasoko dute parte hartzeko aukera dutenek, eta baieztapena jaso ondoren egingo dira izen ematea eta ordainketa. 

Epe barruan ordaintzen ez dutenek tokia galduko dute, eta itxaron zerrendan daudenei eskainiko zaie aukera.

Bestalde, gogorarazi dute pandemiaren egoerak aldaketak eragin ditzakeela egitasmo honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide