LAB sindikatuak herriz herri egingo ditu Maiatzaren Leheneko mobilizazioak

Aitziber Arzallus 2021ko api. 28a, 10:49

Hasiera batean Urola Kostako manifestazio nagusia Azpeitian egingo zutela iragarri arren, "eskualdeko egoera epidemiologikoa ikusita" mobilizazioak herriz herri egitea erabaki du sindikatuak. Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian izango dira mobilizazioak.

Urola Kostako egoera epidemiologikoa ikusita, Maiatzaren Lehenerako egitaraua moldatzea erabaki du LAB sindikatuak. Hasiera batean eskualdeko manifestazio nagusia Azpeitian egingo zutela iragarri bazuten ere, azkenean mobilizazioak herriz herri egitea erabaki dute. Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian izango dira mobilizazioak.

Oztopoak oztopo, aurtengo Langileen Nazioarteko Eguna "indartsu eta ozen" aldarrikatu nahi du LABek. "2020eko Maiatzaren Lehenean kalera irten ginen, sinbolikoki bada ere, kotxe karabanen bidez, eta aurten ere kaleak hartuko ditugu. Edozein mobilizaziotara joateko mugapenik ezin dela jarri jakin arren, LABetik lehenetsi dugu jendea batzeko bidea herrika egitea", adierazi du sindikatuak. 

Honakoak dira Urola Kostarako egin dituen deialdiak:

  • Azkoitia: elkarretaratzea herriko plazan, 12:ooetan hasita.
  • Azpeitia: manifestazioa, 12:00etan herriko plazatik abiatuta.
  • Getaria: 11:00etan auto karabana Indauxetik abiatuta, eta 12:00etan elkarretaratzea plazan.
  • Zarautz: manifestazioa, 12:00etan Musika plazatik abiatuta.
  • Zestoa: manifestazioa, 12:00etan herriko plazatik abiatuta.
  • Zumaia: 10:00etan auto karanaba GKNtik abiatuta, eta 13:00 manifestazioa herriko plazatik abiatuta.

Aurtengo Maiatzaren Lehena aldaketarako mugarritzat jarria du LABek. Argi du lanpostuen defentsan "bide berezitu bat" hasi beharra dutela: "Etor daitezkeen kapitalaren interesei lotutako lan murrizketei itxaron gabe, aurreratu beharra dugu". Izan ere, sindikatuko kideen aburuz, "ikaragarria" da jada eman den lan galera, "batez ere, gazteen eta emakumeen artean zein horiek lan egiten duten sektore prekarioetan". Horiek horrela, eta Maiatzaren Lehenerako hautatu duen leloak dioen moduan, aukera bakarra "aldaketa" dela uste du sindikatuak. "Orain arteko bidearen norabidea aldatzera goaz; zaintza, lana, bizitza eta herria erdigunean jarriz. Eta Maiatzaren Lehenera izango da aldaketarako mugarria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide