Joar Garate bertsolari zumaiarra Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalera sailkatu da

Amaia Urbieta Arruti 2021eko apirilaren 25a

Ostiralean hasi zen, Oiartzunen, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Joar Garate zumaiarrak finalera sailkatzea lortu zuen, eta hurrengo kanporaketetan eskualdeko hainbat bertsolarik hartuko dute parte.

Martxan da Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Ostiralean jokatu zen lehenengo kanporaketa Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Joar Garatek, Oibar Olanok, Ekain Tolaretxipik eta Hodei Munduatek hartu zuten parte. Garate zumaiarrak eskuratu zuen ostiralean txapelketako finalean kantatzeko txartela. 

Gainontzeko hiru kanporaketak jokatzeke daudenez, Garate da oraingoz maiatzaren 28an Urnietan (Gipuzkoa) izango den finalerako sailkatu den bakarra. Bigarren finalista hurrengo kanporaketan erabakiko da, datorren ostiralean, Asteasun jokatuko den kanporaketan. Nerea Isusi eta Mikel Ostolaza zarauztarrak eta Irati Arakistain zumaiarra ariko dira bertan kantuan, baita Aratz Arzelus eta Ane Zubia ere.

Hirugarren kanporaketa maiatzaren 7an egingo dute Azpeitiko Soreasun, eta Naia Arrizabalaga azkoitiarra eta Xabier Albizu azpeitiarra ariko dira bertan kantuan, Beñat Mateos, Izar Zelarain, Mikel Etxezarreta eta Aratz Lasarekin batera. Laugarren eta azken kanporaketa, berriz, maiatzaren 14an izango da Arrasaten, eta han ere izango dira eskualdeko bertsolariak. Hain zuzen, Uxue Ostolaza zarauztarrak eta Amets Aizpurua getariarrak hartuko dute parte, baita Lide Arregik, Jon Mendiluzek, June Aiestaranek eta Sustrai Goenagak ere.

Kanporaketetarako nahiz finalerako sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian, eta txapelketaren inguruko informazio gehiago lortzeko, bertsozale.eus webgunera jo daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide