Inoizko parte hartzerik handienarekin jokatuko da Euskal Pilota Egokituko Master Cup Txapelketa, hurrengo bi asteburuetan, Oiartzunen eta Getarian. Guztira, 34 pilotari arituko dira lehian: alde batetik, hemezortzi adimen urritasuneko mailan, seina bikote hiru taldetan banatuta; eta bestetik, hamasei gurpildun aulkiko mailan, bi taldetan banatutako zortzi bikotetan. Izena eman duten pilotarien artean Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Frantziako pilotariak daude.
Adimen urritasuneko kategorian, Urola Kostako hainbat pilotarik hartuko dute parte. Ondorengo hauek bikotea osatuko dute, esaterako: Joseba Altuna oriotarrak eta Haritz Lertxundi zarauztarrak, Lorea Iribar zumaiarrak eta Xabier Olaziregi zumaiarrak, Xabier Villar zarauztarrak eta Leire Esnal zumaiarra. Jurdan Arakistain zestoarra ere ariko da nor baino nor, eta bere bikotekidea Iraitz Huegun donostiarra izango da. Partidak hamabost tantora jokatuko dituzte.
Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, Oiartzuneko kanporaketak Emakume Master Cupeko facebook ataritik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, adimen urritasuneko partidak jokatuko dituzte, eta arratsaldez gurpildun aulkikoak. Lau bikoterik onenak finaletarako sailkatuko dira. Maiatzaren 16an jokatuko dira, Getarian, 12:00etatik aurrera, eta ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu.