Orioko arraunlariek bi bandera irabazi dituzte Euskadiko Batel Txapelketan

Aiora Larrañaga 2021eko apirilaren 18a

Orio Arraun Elkarteko kadete eta jubenil mailako mutilen ontziak azkarrenak izan dira gaurko finalean. Gainera, Zumaiako jubenil mailako mutilen taldeak zilarrezko domina irabazi du txapelketan.

Asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketa jokatu da Legutioko urtegian, eta bertan parte hartu dute Orioko, Zarauzko eta Zumaiako arraun elkarteek. Atzo arratsaldean, kanporaketa estropadak jokatu zituzten taldeek eta gaur goizean finalak eta kontsolazio txandak izan dituzte. Hala, Gipuzkoako Arraun Federazioak sare sozialen bidez jakinarazi ditu emaitzak eta bi domina eskuratu dituzte eskualdeko arraun taldeek.

Hain zuzen ere, Orio Arraunketa Elkarteak irabazi ditu bi banderak: kadete eta jubenil mailako mutilen ontziak izan baitira azkarrenak euren kategorietan. Horrez gain, infantil mailako mutilek bigarren postua lortu dute finalean eta jubenil mailako emakumezkoen batela bigarren postuan sailkatu da. Bestalde, infantil eta kadete mailako nesken ontziak, bigarren eta hirugarren postuan sailkatu dira kontsolazio txandan, hurrenez hurren.

Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko jubenil mailako mutilen taldeak lan bikaina egin du Euskadiko Batel Txapelketan; bigarren postuan sailkatu da Orioren atzetik, baina segundo eskasera helmugaratu da, zilarrezko domina eskuratuz. Zumaiako infantil mailako nesken taldeak ere bigarren postuan sailkatu da Euskadiko Batel Txapelketan, San Juanen atzetik. Eta kadete mailako nesken taldeak kontsolazio txandan lehen postua eskuratu du oriotarrak baino denbora hobea eginda.

Zarauzko Arraun Elkarteko jubenil mailako mutilen taldeak parte hartu du gaurko jardunaldian, eta kontsolazio txandan lehen postuan sailkatu da, Elantxobe, Bermeo eta Kaiku atzean utzita. Atzoko kanporaketan Zarauzko jubenil mailako nesken ontziak ere parte hartu zuen, baina ez zuten gaurko jardunaldia jokatzeko txartelik lortu.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide