Azkoitiko Sostenipe eta Azpeitiko Basanderiek talde feministek eta Zumaiako Mugimendu Feministak deituta, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean, eta dozenaka herritarrek parte hartu zuten haietan. Miarritzen (Lapurdi) herenegun jazotako hilketa matxista gaitzetsi eta emakumeak "aske eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatu zuten guztietan. Izan ere, gizon batek bere emaztea tiroz hil zuen Miarritzen, eta bere buruaz beste egin zuen ondoren.
Urtea hasi zenetik Euskal Herrian jazotako hirugarren hilketa matxista da Miarritzekoa, beste bi hilketak Aizarnazabalen eta Sestaon (Bizkaia) izan ziren, urtarrilean eta otsailean.