Aurten ere, bigarren urtez jarraian, ez da San Telmo jaiak ospatzerik izan Zumaian. San Pedro Abesbatzak, baina, "santelmoetako grinari" eutsi eta gogoan izan ditu festak: hala, emanaldi berezi bat prestatu dute Itsasoari begirada bat izenpean. Hasiera batean apirilaren 10ean egitekoa bazen ere, azkenean igande honetan eskainiko dute kontzertua. 19:00etan ekingo diote kantaldiari, parrokian.
Amaia Aldalurrek azaldu duenez, itsasoarekin nolabaiteko harremana duten abestiak hautatu dituzte emanaldirako; besteak beste, Josu Elberdin, Beatriz Corona, Albert Alcaraz nahiz Benito Lertxundirenak. Mari Carmen Azpeitiaren eskutik izango dituzte piano doinuak kantek, eta Kandido Urangak ere parte hartuko du saioan; hain zuzen, bera arduratuko da abesbatzako kideen ahoetan izango diren abestiak haien artean lotzeaz. Abesbatzak idatzitako hainbat testu nahiz zenbait olerki baliatuko ditu pieza bakoitza aurkezteko.
Musukoei gailendutako abestiak
Aldalurrek iragarri du ordubete inguru iraungo duela kontzertuak, eta garrantzia berezia izango duela San Pedroko kideentzat. Berez santelmoak ospatzen diren egunetarako prestatu zuten saioa, baina ez du horrek bakarrik egiten berezi: horretaz gain, aurtengo aurreneko emanaldia izango da haientzat. Aldalurrek gogora ekarri du, izatez, profesionalak ez diren abesbatzek eta bandek debekatuta dutela une honetan haien kultur jardun arruntarekin jarraitzea, eta zenbait taldek urtebete daramatela entseatu ere egin gabe.
"Zorionez", ordea, San Pedro Abesbatza ez dagoela "geldirik" azaldu du. Urtero legez, Zumaiako Musika Jaialdian abestu zuten iazko abuztuan, eta aste honetan ere izango dute jendaurrean kantuan aritzeko aukera. Ez da, ordea, ohiko kantaldi bat izango igandekoa: abeslariek bete beharreko neurrien artean dago, esaterako, guztiek musukoekin kantatu behar izatea. Aldalurrek dio bereziki eragiten diela arau horrek.
Gaur egun 40 kide dira San Pedron, eta Aldalurrek nabarmendu du "esanguratsua" dela pandemia garaian ere ia guztiek jarraitu nahi izatea taldean. "Egia da zaintza beharrezkoa dela une honetan, baina oso garrantzitsua da gure burua zaintzea ere. Eta onura asko dakartza abesteak", adierazi du. Horretarako abagunea izango da igandean, eta badirudi ikusmin handia sortu duela emanaldiak zumaiarren artean: agortu dira sarrera guztiak.