Oriotarrak nagusi izan dira Gipuzkoako Batel Txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2021eko apirilaren 11

Hiru bandera etxeratu dituzte oriotarrek gaurko txapelketan. Getariako, Zarauzko eta Zumaiako batelak ere izan dira lehian.

Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu da gaur Pasaian (Gipuzkoa), eta ligako sailkapen orokorra kontuan hartuta, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako batelak atera dira lehiara. Orio Arraunketa Elkartekoek lortu dituzte emaitzarik onenak; hiru batelek eraman dute bandera etxera: kadete mutilek, jubenil neskek eta jubenil mutilek, hain zuzen ere. Orioko infntil mutilek ere lan txukuna egin dute, eta bigarren geratu dira beren sailkapenean.

Zumaiarrek ere lan polita egin dute gaurko txapelketan: jubenil mutilek bigarren egin dute, eta neska infantilek eta kadeteek hirugarren. Zarautzek, berriz, jubenil mutilen txapelketan soilik atera du batela, eta laugarren egin dute horiek. Getariarren batela Federazio Sarian atera da infantil mutiletan, eta zumaiarren aurretik, lehenengo postuan geratu dira proba horretan.

Taldekako emaitzez gain, ziaboga onenaren sariak banatu dituzte gaurkoan maila bakoitzean, eta eskualdera etorri dira horietako hiru: promesa mailan Zumaiako Goiatz Aguadori eman diote saria, kadete mutiletan Orioko Oihan Manterolari eta jubenil mutiletan Zarauzko Iñaki Irastorzari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide