Eskualdetik igaroko da gaur Balentziagaren oroimenezko 50. lasterketa

Amaia Urbieta Arruti 2021eko apirilaren 11

Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiatik igaroko da elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien proba entzutetsua. Besteak beste, parte hartuko dute Zarauzko Jira-Bira taldeko txirrindulariek.

Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien kategorietan proba entzutetsua da gaur lehiatuko den Balentziagaren oroimenezko lasterketa. 153 kilometroko ibilbidea egin beharko dute ziklistek, eta Eibarko (Gipuzkoa) Arrate santutegian amaituko da, atzo Itzulia amaitu zen moduan. Espainiako Koparako puntuagarria izango da, gainera, gaurko proba. 

Eskualdeko kostako herriak gurutzatuko dituzte gaur goizean txirrindulariek; horietako batzuk, bi aldiz. Itziartik Zumaiara iritsiko dira Txikierditik igarota 10:20 aldera, eta handik Getaria aldera joko dute. Zarautz eta Aia igaro ostean, Oriora heldu eta buelta erdia eman beharko dute txirrindulariek. Oriotik ez dira Aiara itzuliko, Zarautzera joko dute zuzenean, eta handik berriro joango dira Getariara eta Zumaiara, hurrenez hurren. 11:30 aldera zeharkatuko dute Zumaia bigarrengoz, eta zeharbidetik Itziar aldera egingo dute ziklistek. 

Gaurko lehian parte hartuko dute, besteak beste, Zarauzko Jira-Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariek. Denen artean zazpi hautatu ditu David Etxeberria prestatzaileak gaurko lehia garrantzitsurako: Julen Gartzia, Gaizka Gurrutxaga, Alex Uranga, Unai Cueva, Santiago Martinez eta Andoni Azkarate.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide