AEK euskaltegiak Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du martxan, aurten ere "euskalduntze mugimenduaren garrantzia" plazaratzeko. Gaur, Korrikak amaitu beharko luken egunean, Euskal Herriko 80 herritan egin ditu ekitaldiak AEK-k dinamika hauspotzeko. Urola Kostan eskualdean, Azkoitian, Getarian, Orion eta Zumaian egin ditu AEK-k ekintzak, eta euskaltzale ugarik egin du bat deialdiarekin. Aurten ere kalera AEK kalera atera da "euskararen lekukoa" zein "euskaltegien aldeko bultzada kalean" egon daitezen.
Azkoitia
Azkoitian Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azkoitiarrak ireki du Balda plazako ekitaldia, eta ondoren, AEKren mezua irakurri dute Miren Alberdi Azkoitiko AEK-ko kideak eta Joey Albert AEK-ko ikasleak. Era berean, bi abesti entzun dira plazan; batetik, berariaz gaurko egunerako sortu duten Lekukoa mingaina izeneko bertso-rapa, eta, bestetik, Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna. Ekitaldia Arrizabalaga bertsolariaren agurrarekin eta argazki batekin itxi dute. Argazkirako, gainera, Laura Alberdik eta Laura Larrañagak mural bat margotu dute.
Getaria
Herriko frontoian egin dute ekitaldia Getarian, eta AEK-ko irakasle Uxoa Olaskoagak irakurri du AEK-ren mezua. Ondoren, Amets Aizpurua herriko bertsolariaren txanda izan da, eta bukatzeko herriko eragileekin argazkia atera dute, hauek Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika! aldarrikatzen zuten bitartean.
Orio
Orion ekitaldi xumea egin dute, eta Amaia Olazabal Urola Kostako AEK-ko arduradunak eta Amaia Zaldua Orioko AEK-ko arduradunak AEK-ren mezua plazaratu dute. Amaiur Sukiak bertsotan aritu da, eta hiruko batek Euskal Herrian euskaraz abestia jo du; hau da, Ramunas Almanaitis biolinarekin, Aritz Pardina gitarra akustikoan eta Uxue Arroniz ahotsean. Abestia amaitutakoan argazki kolektiboa atera dute bertaratu diren eragileekin.
Zumaia
Zumaian ere herritar ugari elkartu da Beheko plazan egin duten ekitaldian, AEK euskaltegien sarearen deiarekin bat eginez. Bertso eskolako Irati Arakistain eta Joar Garatek bertsoak abestu dituzte, eta trikitilariek eta pandero jotzaileek girotu dute ekitaldia.