Udalbatzak urtarrilean eman zion hasierako onespena TAOren ordenantza aldatzeko proposamenari, eta hilabete honetan behin betiko onetsi ostean, apirilaren 1ean sartuko da indarrean ordenantza berria. Udaberriari eta udazkenari dagokien arautegia ezarriko dute ekainaren 14ra bitartean, alegia:
- Asteburuetan eta jaiegunetan:
- Martxan izango dira errotazio handiko bi gune, Txomin Agirre kaia eta Amaiako plaza, 10:00etatik 20:00etara bitartean.
- Indarrean egongo dira bertakoei zuzendutako guneak (margo bidez bereizita daude), 10:00etatik 20:00etara bitartean.
- Astelehenetik ostiralera: neguko arautegia jarraitu beharko da.
Ordenantza berriak jasotzen du, gainera, aurrerantzean bertakoei egokitutako eremua izango dela Julio Beobide. Zona horretan aparkatzeko aukera izango dute Julio Beobideko, San Joseko, Ardantzabideko, Alde Zaharreko eta Arrangoletako bizilagunek. Ardantzabidek, bestalde, ez du funtzionamendu berezirik izango hemendik aurrera, ordenantza berriaren arabera.
Iazko txartelak martxan ekainera arte
Zumaiako bizilagunek, enpresek eta gremioek ordainagiri bat jasoko dute haien etxeetan. Ekainaren 15a baino lehen egin beharko dute agirian zehaztutako ordainketa, eta modu horretan berrituko zaie txartelaren balioa, hurrengo urtera arte. Bitartean, balioa izango du iazko txartelak.
Zumaian lan egiten duten pertsonei nahiz Zumaian bigarren etxebizitza bat dutenei, ez diete ordainagiririk bidaliko haien etxeetara. Ordainketak egiteko, beraz, TAO bulegora joan beharko dira maiatzaren 15etik aurrera, egun horretan irekiko baititu ateak. Dena den, haien kasuan ere ekainaren 14ra arte izango dute balioa aurreko urteko txartelek.
Txartel berria presaz behar dutenek Herritarren Arreta Zerbitzura jo dezakete. Aurten aurrez aurre edo telematikoki egin ahal izango dira izapide guztiak.