Macarbox enpresak lantoki berria irekiko du Zumaian

Maria Maya Manterola 2021eko martxoaren 24a

Dena ondo bidean, urte amaierarako martxan izango da Macarbox enpresaren planta berria Zumaian. Egurkok zuen pabiloian zabalduko dute, eta lanpostu gehienak makina-erraminta arlokoak izango dira.

Egurko izandako pabiloian kokatuko du lantegi berria Macarboxek. (Zumaiako Udala)

Zumaiako Udalak jakinarazi du INZU taldeko Macarbox enpresak lantegi berria zabalduko duela Egurko izandako pabilioian, Basusta bidean. Kartoia ekoizteko makinak egingo dituzte, eta lanpostu gehienak makina-erraminta arlokoak izango dira, enpresako ordezkarien arabera. Administrazio arloko lanpostuak ere sortuko dira, bestetik. Dena ondo bidean, urte amaierarako martxan izango da lantegia.  

INZU taldeko ordezkariak eta Iñaki Ostolaza alkatea harremanetan izan dira azken hilabeteotan. Egurko izandakoaren pabilioiaren jabeekin akordioa itxi ondoren bildu dira bi aldeak. Ostolazak ongi etorria eman zion enpresari Udalaren izenean, eta INZUko ordezkariek herriko planta berrirako dituzten asmoak azaldu zikioten alkateari. 

Zumaiako ehun industriala indartsu mantentzea apustu garrantzitsua da Udal Gobernuarentzat, Ostolazaren hitzetan. Sprilur sozietatearekin sinatutako akordioa aipatu du alkateak, eta bide berean, planta berriaren irekiera "albiste pozgarria" dela adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide