Getariako eta Zumaiako banderak jaso ditu Realak

Dorleta Agririano Lai-Amaia Urbieta Arruti 2021eko martxoaren 22a

Oiartzundik (Gipuzkoa) zuzenean Getariaraino heldu da Gurekin kanpainan murgilduta dabilen Realeko autobusa. 11:10ean iritsi da eskualdeko herrira, frontoiaren parera. Apirilaren 3an Donostiako futbol taldeak izango duen hitzordu garrantzitsua dela eta, Gipuzkoako udalerri guztietako banderak jasoko ditu Realak gaur eta bihar artean, zaletuek partida ikustera joaterik izango ez dutenez, herrien babesa sinbolikoki jaso ahal izateko.

Hori horrela, Joseba Ibarburu Realeko pesidenteordeari zein beste hainbat ordezkariri harrera egin diete Getariako alkate Haritz Alberdik eta Kirol zinegotzi Ekaitz Estebanek, eta bandera trukea egin dute. Asmoa da Kopako finala jokatu artean Gipuzkoako udaletxeetako balkoietan Realaren bandera jartzea.

Udaleko eta Realeko ordezkariak bandera trukea egiten. (Amaia Urbieta Arruti)

Getariatik Zumaiara jo du talde txuri-urdinaren autobusak, eta bertan bake epaitegiaren aurrean egin diete harrera Algorriko zaletuek eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. Getarian egin moduan, Realeko bandera eta Zumaiakoa trukatu dituzte bi eragileek.

Bake epaitegiaren aurrean egin dute bandera trukea Zumaian. (Dorleta Agiriano Lai)

Bihar Gipuzkoa zeharkatzen jarraituko du Realaren autobusak, eta orduan jasoko ditu Urola Kostako gainontzeko bederatzi herrietako banderak. Orion egingo du geldialdia aurrena, 09:10ean autobus geltokian; gero Aian izango da, 09:30ean aparkalekuan. Zarautzen 09:50ean da hitzordua, batzoki aurreko geltokian, Aizarnazabalen plazan trukatuko dituzte banderak 10:10ean, eta Zestoan 10:25ean gurutzean.

Bidean gora jarraituz, Azpeitian 10:40ean anbulatorioan egingo du geldialdia Realaren autobusak, Azkoitian 11:05ean liburutegi aurrean, Errezilen 11:30ean dute hitzordua udaletxe aurrean, eta azkenik, Beizaman seroretxen elkartuko dira, 12:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide