Hondarribia eta Donostia Arraun Lagunak nagusitu dira Oriaren 27. Jaitsieran

Onintza Lete Arrieta 2021eko martxoaren 21a

30 ontzi ureratu dira gaur Orioko errioan, tartean eskualdeko bederatzi. Horietan finen etxekoak aritu dira, oriotarrak; hirugarren egin dute emakumezkoek, eta laugarren gizonezkoen A taldeak. Orioko eta Zarauzko hiruna traineru, Zumaiako bi eta Getariako bat lehiatu dira jaitsieran.

Eguraldi ederrarekin ospatu da gaur Oriaren 27. Jaitsiera Orioko itsasadarrean. 30 traineru aritu dira nor baino nor, horietatik hogei gizonezkoen proban, eta hamar emakumezkoenean. 6.000 metroko distantzia egin dute gizonek, eta 4.000 metrokoa emakumeek.

Eskualdeko bederatzi traineru aritu dira lehian, baina banderak eskualdetik kanpora joan dira, Gipuzkoan gelditu diren arren: Hondarribia nagusitu da gizonezkoetan, eta Donostia Arraun Lagunak, berriz, emakumezkoetan.

Gizonezkoetan lehia egon da, eta segundo batengatik Hondarribiak eraman du bandera, 19:17,58 denbora eginda. Santurtzi, Kaiarriba A eta Orio A sailkatu dira atzetik, oriotarrak lau segundora (19:21,76). Zarautz A zazpigarren izan da, 19:59,75 denborarekin, 42 segundora, eta horren atzetik, bata bestearen atzetik gelditu dira eskualdeko gainerakoak: Orio B bederatzigarren; Getaria hamargarren; eta Zumaia hamaikagarren.

Emakumezkoetan errazago nagusitu da Donostia Arraun Lagunak trainerua, 14:42,03 denbora egin eta bigarrenari bederatzi segundo aterata. Donostia Kaiarriba izan da bigarren, eta Orio hirugarren, 11 segundora (14:53,19). Zumaia eta Zarautz zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu dira, hurrenez hurren, azkena helmugaratu den Lapurdiren aurretik.

Sailkapena

XXXVII. ORIAren TRAINEU JAITSIERA

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide