Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat udalek Mugiment Kirol Txartela ekimena abiatu dute, kirola sustatzeko eta eskaintza zabaltzeko. Getariako, Zestoako eta Zumaiako kiroldegiek bat egin dute egitasmoarekin, eta astelehenetik aurrera, Mugiment kirol txartel birtualari esker, Getaria, Zestoa eta Zumaiako kiroldegietako bazkideek programan parte hartzen duten herrietako kirol zerbitzuak erabili ahal izango dituzte.
Zumaiako kiroldegian aurkeztu dute ekimena hiru herrietako ordezkariek, eta uste dute Mugiment Kirol Txartela programan parte hartzeak onuragarria izango dela eskualdeko herritarrentzat nahiz bertan lan egiten dutenentzat. Aurkezpenean parte hartu dute Getariako kiroldegiko arduradun Jose Inazio Atorrasagastik, Getariako Udaleko kirol zinegotzi Ekaitz Estebanek, Zestoako kirol zinegotzi Aitor Salegik, Zumaiako kiroldegiko arduradun Antxon Alberdik eta Zumaiako Udaleko kirol zinegotzi Arritxu Iribarrek.
Sakelako telefonoaren bidez
Txartela birtuala denez, bazkideek aplikazioa instalatu behar dute beren sakelako telefonoan. Hortik, erabili nahi duten udalerriko kirol zerbitzuen ordutegia kontsultatu eta txanda aukera dezakete. Ekimenaren aurkezpenean zehaztu dutenez, jende pilaketak "ekidin" nahi dituzte kiroldegietan; "horregatik, garrantzitsua dela ordutegiak ondo begiratzea eta errespetatzea".
Hona hemen kirol txartela erabiltzeko urratsak:
1.- Sakelako telefonoan Mugiment Kirol Txartela app-a deskargatu.
2.- Erregistratu datu pertsonalak sartuta: e-posta, NAN zenbakia eta norbera bazkide den kiroldegiaren izena.
3.- Balioztapena jaso ondoren erabili daiteke kirol txartela.
4.- Kirol instalaziora sartzean, txartel birtuala eta NANa erakutsi beharko dituzte.
5.- Kiroldegiko langileak sarrera erregistratuko du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.