Zumaiako harrera etxea zabaldu du Malen Etxeak

Juan Luis Romatet 2021eko martxoaren 7a

Malen Etxea emakume etorkinen elkarteak Zumaian izango duen harrera etxea zabaldu du gaur eguerdian. Sei emakumerentzako lekua izango du Kofradian egokitutako etxeak; dagoeneko lau bizi dira bertan.

Festa giroan zabaldu du Malen Etxea emakume etorkinen elkarteak hemendik aurrera Zumaian izango duen harrera etxea. Ate irekien jardunaldia antolatu du elkarteak, eta Kofradiako eraikinean atondutako etxea erakutsi diete bertaratu direnei. 

Azken zazpi urteetatik hona Zestoan duen harrera etxeari Zumaiakoa gehitu dio orain Malen Etxeak, eta datorren astetik aurrera Azpeitian beste etxe bat zabaltzeko elkarrizketak hasiko dituela azaldu du Jessica Guzman Correa elkarteko presidenteak. "Hala, eskualdean hiru etxe izango ditugu".

Pixkanaka, pausoz pauso ari direla azaldu du Guzmanek. "Gure elkarteak dituen baliabideak ditu, eta komunitate osoaren bultzada behar dugu. Eguneko gastuak, argindarra, ura, elkarteak ordaindu behar ditu, eta posible duguna baino gehiago ez dugu gureganatu nahi", gaineratu du. "Eskualde bakoitzean Malen Etxearen harrera etxe bat izatea nahiko genuke, hori izango litzateke ideala, baina pixkanaka goaz". 

Hiru logela, egongela eta sukaldea du Kofradiako eraikinean egokitutako harrera etxeak. "Egoera prekarioan edo iragaitzazko egoeran dauden emakumeei zuzenduta dago proiektu hau. Bertako emakume batek beharra izango balu, noski, artatuko genuke. Baina emakume hauek, bertakoek, orokorrean familiak edo ezagunak izaten dituzte laguntzeko. Baina emakume etorkin hauek bakarrik egoten dira, egoera prekario batean, eta ez dute laguntzarik izaten. Profil hori betetzen duten emakumeei zuzenduta dago proiektu hau".

Dagoeneko lau emakume bizi dira harrera etxe honetan, eta laster beste bat ere hartuko dutela adierazi du Guzmanek. "Sei lagun bizi ahal izango dira gehienez. Ez dugu nahi jendea pilatuta bizitzea; duintasun bat izatea ere nahi dugu. Etxeak dituen baldintzekin ahalik eta hobekien bizi ahal izatea da ideia". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide