Egin dute aurreneko test-saioa eskualdeko arraun elkarteek

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 27a

Orioko gizonezkoak, gaur. (OAE)

Hasi dira traineruen test-saioak. Kai-muturreko sarbidea itxita eta aurrez aurreko ikusle gabe, baina 16:00etan ekin diote Hondarribiko XXI. Traineru Jaitsierari. Parte hartu dute eskualdeko arraun elkarteek; hain zuzen, Getaria Arraun Elkarteak, Orio Arraunketa Elkarteak, Zarautz Arraun Elkarteak eta Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteak.

Emakumezkoen 11 ontziak ureratu dira lehenengo Hondarribian, eta Oriok lortu du denborarik onena (15:35,15). Donostiarrak (15:43,46) eta Arraun Lagunakek (15:52,08) jarraitu diote atzetik. Zazpigarren egin du Zumaiak (16:10,65), eta hamaikagarren Zarautzek (17:08,29). Zarauztarrak estreinakoz aritu dira Hondarribiko uretan.

Emakumezkoen ostean murgildu dira lehian gizonezkoen hemezortzi traineruak. Hirugarren egin du Oriok (20:43,58), laugarren Getariak (20:52,44), seigarren Zumaiak (21:11,94) eta zortzigarren Zarautzek (21:13,63).

Hondarribiaren aurreneko ontzia izan da nagusi (20:25,42) gizonezkoetan, eta bigarren postua Donostiarrarentzat izan da (20:39,35).

Hondarribia Arraun Elkarteak zuzenean eman du jaitsiera Youtube bidez, eta jakinarazi dutenez, 1.000 ikusletik gora izan dira hainbat unetan.

Hona hemen gaurko sailkapena, osorik:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide