Zumaian hasiko da bihar Euskal Herriko txirrindularitza denboraldia

Juan Luis Romatet 2021eko otsailaren 26a

Elite eta 23 urtez azpikoen Zumaiako XIII. Saria jokatuko da bihar. 112 kilometroko bidea osatu beharko dute eskualdeko errepideetan zehar. 190 txirrindulari inguruk hartuko dute parte.

Hego Euskal Herriko txirrindularitza denboraldia bihar, larunbata, hasiko da, Zumaian. Elite eta 23 urtez azpikoen Zumaiako XIII. Saria jokatuko da, eta aurreikuspenak betetzen badira, 190 txirrindulari inguru bertaratuko dira lehiara.

10:00etan abiatuko dira txirrindulariak. Aurreko edizioetan ez bezala –orain arte Ignacio Zuloaga plazatik atera da pelotoia–, GKN lantokiaren barruko aparkalekua izango da ziklisten bilgunea eta GKNko zubian bertan emango zaio irteera neutralizatua lasterketari. 112 kilometroko bidea bete beharko dute txirrindulariek eskualdeko errepideetan zehar. 12:30 aldera amaituko da lasterketa, Axular ibiltokian.

Pandemiak baldintzatutako denboraldia izango da aurtengoa ere, eta Zumaiara azken urteotako pelotoirik handiena gerturatuko dela espero du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak, lasterketaren antolatzaileak. Euskal taldeez gain, Herrialde Katalanetatik edota Espainiatik etorritako taldeak ere irteera puntuan egongo direla espero dute.

Eskualdeko txirrindulariak ere izango dira lehiaketan. Zarauzko Grupo Eulen Jira-Bira taldeko 23 urtez azpiko hamalau txirrindulari aterako dira Zumaiako proban, David Etxeberria zuzendariaren gidaritzapean. Hamalau horien artean izango dira Iñigo Eizagirre eta Haritz Erasun txirrindulari gazte zarauztarrak. Herri horretako elkarteak Kantabrian (Espainia) ere izango du lasterketa igandean; Colindres herrian, hain zuzen ere. 150 kilometroko proba izango da igandekoa.

Zumaiar bat ere izango da larunbateko tropelean: Mikel Mancisidorrek jubenil mailatik urratsa eman du, eta Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldearekin estreinatuko du bere jaioterrian maila eta denboraldia.

Junior eta kadete mailak

Afizionatuen mailako lasterketekin batera, junior eta kadete mailako probak ere jokatuko dira asteburu honetan. Juniorrek, ohi bezala, Eibarren hasiko dute denboraldia. Lasterketa benetan gogorra izango da. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko sei txirrindulari izango dira aurten junior mailan: bigarren urtea osatuko duten lau (Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Ander Altuna eta Enaitz Garai) eta lehen urteko bi (Aritz Eizagirre eta Heiko Mateos).

Kadeteek, berriz, Donostiako Zuatzu industrialdean hasiko dute denboraldia, 3,5 kilometroko bakarkako erlojuaren aurkako saioarekin. Kadete mailan lau txirrindularik osatuko dute Viveros San Anton-Mardu Zumaiako taldea: Andde Etxaniz eta Mattin Salegi bigarren urtekoak, eta Anuk Gogenola eta Lizar Tolosa lehen urtekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide