Nola sortu zitzaizun liburu honetarako ideia?
Lehen konfinamendu gogor hartan, etxetik ateratzerik ez zegoenean, okurritu zitzaidan ipuinak idazten hastea. Batzuk etxean entzundakoak dira, besteak lagun batzuen bidez jasotakoak, eta beste batzuk han eta hemen aurkitutakoak. Ipuin horiek idazten eta bidaltzen hasi nintzen. Pako Eizagirre Irureri, Gasteizen bizi den lagun bati, gustatu zitzaizkion eta bere kabuz ipuinen audioak egin zituen. Hernanin bizi naiz urtean zehar, eta hango neska batek gaztelerara itzuli eta ipuinen audioak egin zituen. Eskola batzuetan landu dituzte ipuinak, eta bat Baleiken argitaratu zenuten. Zehazki, Eizagirre Irurek egindako bat. Jendeak esaten zidan ea zergatik ez nituen ipuinak argitaratzen. Kapritxo bat izan da liburua argitaratzea, eta horien audioak [QR kode bidez] jendeari eskaintzea.
Nola sailkatu duzu liburua?
Ipuin motzekin hasi naiz. Horregatik dio liburuaren izenburuak motzetik hasita dela. Motzenak letra handiz daude, umeek ikastolan letra mota horrekin ikasten dutelako irakurtzen eta idazten. Luzeagoak letra etzanean daude. Gero, hitanoz idatzita daude. Badaude bi ipuin komentatu nahiko nituzkeenak. Bat Etiopiakoa da, Meseletch, eta ez du bukaerarik. Beno, nik nahita ez diot bukaerarik eman, nahi dudalako irakurleak ematea bukaera hori. Ikastola batean landu dute, eta funtzionatu du.
Aipatu nahiko nukeen beste ipuina Galtzaileak da. Hau osaba apaizari entzundako kontakizuna da; xehetasun mordoa eman zidan, eta orduko egunkariak irakurrita baieztatu dut egia dela, Zumaiako trainerua lehena sartu zela [1895eko Kontxako estropadako ziabogara], eta gero azkenaurreko heldu zela. Ipuin honetan kontatu nahi izan dut trainerua osatzen zuten pertsonak arrantzaleak zirela –horren zalantzarik ez dago–, gorriz jantzita joan zirela –beste guztiak zuriz jantzita joan ziren–, eta kantari onak zirela. Kontatu dut nola kantuan etorri ziren bueltan, napolitanak kantatzen, eta hemen ez zegoela inor beraien zain. Esan nahi izan dut beraientzat estropada ez zela guztia, eta ez zirela galtzaile sentitu etxera heldu ziren arte.
Beraz, liburuan jasotzen dituzun ipuinetako batzuk zuri heldu zaizkizun kontakizunak dira.
Bai, baina beti ere nire erara moldatuta. Ez ditut hitzez hitzeko itzulpenak egin. Hori klasikoei ikasi diet. Hitzez hitz eginda, esaldietara lotuta zaude. Euskaldun batek istorio hori nola kontatuko lukeen pentsatu dut. Are gehiago, eguneratu ere egin ditut, gauza batzuk orain zenbait modutara ezin dira kontatu eta. ‘Bizitzeko irrika’ da liburuaren izenburua.
Konfinamenduan idatzitakoa bada, garai horrek bizitzeko irrika askorik ez zuen ematen!
[barreak] Tartean dago ipuin bat, dezenteko arrakasta izan duena, eta izenburu hori du, Bizitzeko irrika. Akira Kurosawak badu pelikula bat, Ikiru, eta minbiziagatik hiltzen ari den funtzionario baten bizitzaren berri ematen du. Bizitzeko ilusiorik ez duen funtzionario bat da, baina esaten diotenean hilabete gutxi batzuk geratzen zaizkiola, bizitza osoan egindakoa baino gehiago egiten du. Nik horri gehitzen diot alboan funtzionario gazte eta alper bat duela, eta bataren eta bestearen arteko liskarrak kontatzen ditut.
Funtzionarioak haserretuko dituzu!
Batzuk bai eta besteak ez! [barreak] Badut funtzionarioa den lagun bat, eta liburua dedikatu diot, funtzionatzen duen funtzionarioari. Badaude funtzionatzen duten funtzionarioak eta funtzionatzen ez dutenak, eta ipuinean biak daude. Hori da ipuinean sartu dudana. Izenburuagatik galdetzen duzu, eta bada hor Igor Barandiaranek kontatutako ipuin bat. Ekialdekoa omen da, eta hala izango da. Behin izurritea azaldu zen herri batean eta esan zuen 5.000 lagun eramango zituela. Urtea amaitu zen, eta 10.000 lagun hil ziren herrian. Izurriteari kontuak eskatu zizkioten. "Esan zenuen 5.000 lagun eramango zenituela, eta 10.000 eraman dituzu". Eta izurriteak erantzuten zuen: "Ez, nik 5.000 eraman ditut. Beste 5.000 beldurrarenak dira". Badago, baita ere, indioek kontatzen duten esaldi bat: "Ausartak behin bakarrik hilko dira; koldarrak sarri". Ez dugu beldurrez bizi behar, bizitza bizi egin behar da. Beste jarrera bat izan behar dugu. Ipuin denetan dago bizitzaren aldeko apustua.
Zuk zeuk atera duzu liburua; ez duzu argitaletxe baten bidez atera nahi izan?
Orain arte Doberaren [Hernaniko Dobera euskara elkartea] bidez ateratzen nituen, baina pandemiarekin nahiago izan dut nire gustura atera. Azken finean, dirua zertarako da? Gastatzeko, eta horrela, bidez batez, ekonomia zertxobait mugitzen dut. Nire gustura atera dut liburua, oso tirada mugatuan, eta hori bukatzean ikusiko dut zer egiten dudan.