Zumaiako Udalak energiaren gaia gizarteratzeko jardunaldiak antolatu ditu, Aldaketa garaia da izenburupean. Bide hori herritarrekin batera egitea da asmoa, eta horretarako, trantsizio energetikorako gakoak hizpide izango dituzte otsailaren 23an, martxoaren 2an eta martxoaren 9an. Herri mailan sortu daitezkeen alternatiben inguruan sakontzeko aukera izatea nahi du Zumaiako Udal Gobernuak.
Burujabetza energetikoan sakontzeko, gabezien azterketa bat egin dute. Iñaki Ostolaza alkateak jardunaldien aurkezpenean aipatu zituen kontsumoaren murrizketa eta energia propioa ekoizteko beharra. Alex Oliden zinegotziak, berriz, trantsizio energetikoaren kontzeptua nabarmendu nahi izan zuen. Haren hitzetan, trantsizio energetikoak herritarrak gobernatzea, edo herritarrek trantsizio energetikoa gobernatzea dira bi aukera bakarrak: «Aldaketa egongo da, guk nahi ala ez. Helburua da guk gobernatzea trantsizio energetikoa, eremu lokaletik bideratuta eta adostuta».
Kontsumoa murrizteaz eta burujabetza energetikoan sakontzeaz gain, autokontsumoaz, pobrezia energetikoari erantzuna emateaz eta energia jasangarriez aritu zen Oliden. Bide horretan, esan zuen udaletxean eta herriko eraikinetan efizientzia energetikoa lortzea izan daitekeela neurrietako bat. Horretarako diru-laguntzak eta ekimenak badaudela azaldu zuen.
Hitzaldi guztiak Aita Marin izango dira, 18:30ean. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.
Saioak
Otsailak 23, asteartea, 18:30. Trantsizio energetikoa: testuingurua eta erronkak. Ekopol taldea (EHU).
Martxoak 2, asteartea, 18:30. Burujabetza energetikoa: tokiko esperientziak. Zumaiako energia plana: Aitor Ossa Rissanen. Gares energia: Oihan Mendo Garesko alkatea eta Txetxu Ezkurra talde eragileko boluntarioa.
Martxoak 9, asteartea, 18:30. Zumaiako eguzki energia sorkuntzarako proposamena. Krean taldea