‘Euskara, bestela ez gara’ zikloa antolatu dute hamargarrenez

Maria Maya Manterola 2021eko otsailaren 17a

Martxoaren 10a bitartean, hitzaldi bat izango da asteazkenero. Askotariko gaiak lotuko dituzte euskararekin: turismoa,

feminismoa, musika edota migrazioa

Beste urte batez, Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Larraina Euskara Taldearekin eta Emakumeon* Etxearekin elkarlanean. Gaur hasita, asteazkenero hitzaldi bat izango da, eta solasaldi bakoitzak gai bat lotuko du hizkuntzarekin.

Larraina Euskara Taldekoek nabarmendu dute hemendik aurrera talde horren ardura izango dela hitzaldi zikloa antolatzea, udalaren bultzadarekin. Aurreko urteetako hitzaldietan hizlari bakarra aritzen zen saio bakoitzean; aurtengoan, berrikuntza da moderatzailea eta hizlariak izango direla mahai inguru bakoitzean. Antolatzaileen hitzetan, "gaur egungo panoraman interesa sortzen duten auziak lotu nahi izan dituzte euskararekin".

Urtero "tertulia ederrak" sortu izan dira hitzaldiaren ondoren herritarrek hitza hartu izan dutenean, eta aurtengo hitzaldi zikloan ere hala izatea gustatuko litzaieke Larraina Euskara Taldeko kideei.

Gaur, esaterako, pil-pilean dagoen turismoaren gaiari helduko diote, Euskara turismoaren olatuan lehendabiziko hizketaldian: "kostako herrietan turismoak gora egin du azken urteotan, eta horrek eragina izan du herritarren bizimoduan eta ohituretan. Kasu batzuetan, zeharo aldatu ditu, gainera". Hala, euskara babesteko eta indartzeko egin daitekeena aztertuko dute Goizane Arana UEMAko teknikariak eta Asier Basurto Donostiako BiziLagunEkin plataformako partaideak, Gorka Zabaletaren gidaritzapean.

Hilaren 24an izango da hurrengo hitzordua. "Industrializazioak aldaketak ekarri ditu herriaren demografian eta egoera soziolingustikoan, eta azkeneko bi hamarkadetatik fenomenoa errepikatzen ari da". Horren aurrean, 2005az geroztik udalerri euskaldunetara etorritako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertuko dituzte hizketaldi horretan. Aztiker ikerguneko Enara Eizagirre teknikariak emango du hitzaldia, UEMAren beka bati esker egindako Migrazio erdalduna herri euskaldunetan ikerlana oinarri hartuta. Kanpotik etorritakoek euskararekiko zer sentimendu, muga edo aukera dituzten aztertuko du Eizagirrek, besteak beste.

Idurre Eskisabel EHUko irakaslea eta Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria izango dira, berriz, martxoaren 3an. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara izenburupean, feminismoa eta euskara bazterreko izateko bide direla aztertuko dute. "Biak menderakuntzaren alaba izanagatik, biak dira indibidualki eta kolektiboki boteretzeko lekuak", hizlarien ustez. Hori dela eta, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko aliantzarako bidea aztertuko dute.

Azkenik, zikloa ixteko, musika euskaraz egitearen inguruko estigmak eta aurreiritziak izango dituzte hizketagai martxoaren 10ean. Etengabeko mugimenduan den musika panorama astintzen duten galderak musikariek nola zeharkatzen dituzten lehen pertsonan kontatuko dute Jurgi Ekizak (Willis Drummond), Amancay Gaztañagak (Grises) eta Ningra musikariak. Hizketaldi honetan, Julen Aperribai arituko da bideratzaile lanetan.

Izen-ematea eta hitzorduak

Lehen hiru hitzaldiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira; azkena, berriz, Aita Mariko zine aretoan. Solasaldi guztiak 18:30ean hasiko dira. Segurtasun neurriak betetzeko, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, euskara@zumaia.eus helbidera idatzita edo 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide