Sestaoko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian

Julene Frantzesena 2021eko otsailaren 14a

Atzo Azkoitian egin bezala, gaur Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian salatu dute herenegun Sestaon (Bizkaia) jazotako hilketa matxista. 56 urteko emakume bat hil zuten duela bi egun Bizkaiko herri horretan, eta Ertzaintzaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, 57 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten herenegun goizaldean Bilboko itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Zabalik dago oraindik ikerketa, baina lehen hipotesien arabera, Ertzaintzak uste du gizonak hil zuela emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.

Hilketa matxista hori salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek gaur eguerdian Azpeitiko plazan, Basanderiek asanblada feministak deituta. Matxismoak hiltzen gaitu! Autodefentsa feminista lelodun pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, tartean Azpeitiko Udaleko hainbat ordezkari.

Dozenaka herritar bildu dira Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarautzen Lege Zaharren Enparantzan egin dute elkarretaratzea. "Hiru aste besterik ez dira igaro, eta hemen gaude berriro hilketa matxista bat salatzen", hasi du hitzartzea Zarauzko Koordinadora Feministako kide batek, urtarrileko Aizarnazabalgo hilketari erreferentzia egiten. Aski da!", aldarrikatu du ozen jarraian. Atzo Torturaren Aurkako Eguna izan zen eta, horren harira, gogoan izan dituzte Zarauzko elkarretaratzean "polizia etxeetan indarkeria eta tortura matxista jasan duten emakumeak".

Zumaiako elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Zumaian ere dozenaka lagun elkartu dira Beheko plazan aldarri berberekin, "Matxismoak hiltzen gaitu. Autodefentsa feminista!" zioen pankartaren atzean. 

Getariako elkarretaratzea, azken hilketa matxista salatzeko (Mariñak)

Arratsaldean, berriz, Getarian izan da elkarretaratzea, Mariñak talde feministak deituta. 18:00etan hainbat herritar elkartu da frontoian, Emakumeon kontrako indarkeriarik ez lelopean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide