Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrila amaieran aurkeztu zuen kanpaina berria, Haserrea antolatu, askatasunak hedatu lelo hartuta. Pandemia testuingurua aztertuta, bi auzi nagusi jarri zituzten jo-puntuan GKSko kideek: batetik, hainbat mekanismoren bidez (esaterako, "masa-hedabideen" bidez) gazteria "kriminalizatzen" ari direla salatu zuten eta, bestetik, larrialdi egoera "baliatuta", "kontrol soziala eta poliziaren jazarpena nabarmen hazten" ari direla seinalatu zuten.
Bigarren auzi hori lantzeko, bi saio antolatu dituzte hurrengo asterako, Zarautzen bata eta Zumaian bestea. Hurrengo ostiralean, otsailaren 19an, izango da Zarauzko saioa: Kontrol soziala segurtasunaren izenean hitzaldia. Hain zuzen, "kontrol sozial orokortua" eta horrek "osasun-larrialdiari aurre egiteko estrategia gisa" duen "izaera politikoa" aztertuko dituzte hitzaldi horretan. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izango da, 18:00etan hasita.
Hurrengo egunean, otsailaren 20an, Zumaiako Torreberri gaztetxean emango diote jarraipena egitarauari, aholkularitza juridikoa eskaintzeko tailer baten bidez. Polizien "jokabide arbitrarioen aurrean babestu ahal izateko oinarrizko informazioa partekatuko" dute hizlariek, hainbat galdera-erantzun oinarri hartuta: "Noiz eska diezadakete identifikatzeko? Nola jokatu tentsio egoera baten aurrean?". 17:00etan hasiko da tailerra.
Urola Kostako GKSk protestara deitu zuen Zarautzen joan den larunbaterako, "osasun-hondamendia" eta horri ematen ari zaion "aterabide poliziala" salatzeko. Osasun-krisiari, "osasun-baliabideen horniduraz aurre egin" beharrean, gobernuek "kriminalizazioaren, errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez" erantzun nahi diotela adierazi zuten GKSko kideek.
Urola Erdiko GKSk, aldiz, datorren larunbaterako deitu du mobilizatzera, Azpeitian. Udaletxe aurrean elkartuko dira 18:00etan.