U30 Aldaketaldia egitasmoari lotutako ekintzak egin dituzte eskualdean

Urola Kostako Hitza 2021eko urtarrilaren 30a

Larreko Mahaiak sustatuta, klima, bioaniztasun eta ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak ari dira egiten gaur Euskal Herrian. U30 Aldaketaldia egitasmoaren barruan, herri, auzo, ikastetxe eta lan zentro askotan ekintzak egin dituzte. Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan izan dira ekintzak, eta eskualdeko zenbait gunetan ere egin dituzte egitasmoari lotutako jarduerak. Hona hemen herriz herriko irudiak:

  • Aizarnazabal

Aizarnazabalen errepide ertzak garbitzen aritu dira, eta uste baino zabor gehiago bildu dute.

  • Azkoitia

Azkoitian Urola Bizirik natur taldeak deituta, San Juan auzuneko erreka ertzak garbitzen aritu dira. 10:00etan beilatoki parean bildu dira, eta taldeetan banatuta, errekaren bi aldeak garbitzen aritu dira goiz osoan zehar. Era guztietako zaborra bildu dute ekintzaileek, supermerkatuetako orgetatik hasi eta plastiko, kristal zein bestelako hondakinak. Errekatik atera duten zaborra bildu eta datorren astean jendaurrean erakustea du helburu Urola Bizirikek, jendearen kontzientziazioan eragiteko asmoz.

  • Orio

Orion, erraustegiaren aurkako protesta egingo dute, eta herritar ugari batu da hondartza gaineko talaian. Irriparra Berreskuratuk eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sustatu dute mobilizazioa.

  • Zumaia

Zumaian, Natur Taldea atxiki da protestara, eta Itzurun hondartzan ingurumen larrialdia ikusarazteko argazkia atera dute eguerdian.

[gallery size="medium" ids="413774,413775,413776,413777,413778,413779,413780"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide