Bertan behera gelditu da distantzia luzeko aulki mugikorreko Gipuzkoako txapelketa

Urola Kostako Hitza 2021eko urtarrilaren 23a

Gipuzkoako Arraun Federazioak "aho batez eta pena handiz" erabaki zuen atzo bertan behera uztea lehiaketa, "osasun publikoa bermatze aldera".

Igande honetan ez da jokatuko distantzia luzeko aulki mugikorreko txapelketarik Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen atzo ohar bidez Gipuzkoako Arraun Federazioak, "COVID-19ak gure lurraldean izan duen bilakaera aintzat hartuta, eta osasun publikoa bermatze aldera".

Federazioak azaldu zuen erabakia "aho batez eta pena handiz" hartu dutela, eta "goraipatu" nahi izan dute "klub eta kirolari guztiek egindako lana, momentu zailak badira ere, garai hobeak iritsiko direlako".

Hain zuzen, atzo bertan jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak astelehenetik aurrera neurri gogorragoak egongo direla indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; besteak beste, udalerri guztiak itxiko dituzte, eta ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu, ez eremu pribatuan, ez publikoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide