Aintzane Pujanaren hilketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte egunotan eskualdean

Anartz Izagirre 2021eko urtarrilaren 22a

Azkoitian gaur 19:00etan egingo dute kontzentrazioa; Aizarnazabalen, Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian, aldiz, bihar. Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak Pujana hiltzeaz gain legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea egozten die bi hilketaren harira akusatutako bi errenteriarrei; gertakari hori salatzeko deitu dituzte mobilizazioak.

 

Urtarrilaren hasieran Aizarnazabalen hilda agertu zen Aintzane Pujana 32 urteko donostiarra, eta azken berrien arabera, hura hiltzeaz gain Pujana sexualki esplotatzea eta hura legez kanpo atxikitzea egozten die Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi akusatuei. Egoera horren aurrean, gertakaria salatzeko kontzentrazioa deitu dute eskualdeko hainbat talde feministak. Azkoitian gaur, ostirala, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea Sostenipe talde feministak deituta, plazan; Zarautzen bihar, larunbata, 12:00etan izango da Udaletxe plazan; Zumaian ere bihar bilduko dira, 12:30ean Beheko plazan; Aizarnazabalen 12:30ean udaletxe aurrean, eta, Azpeitian, 18:00etan plazan.

Bi atxilotuak bikotea dira: 24 urte ditu gizonezkoak eta 23 emakumezkoak. Ertzaintzak zabaldutako informazioaren arabera, Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamentu batean bizi ziren joan den azaroaz geroztik, eta haiekin bizi zen Pujana ere. Ertzainek uste dute hilketa "urtarrilaren 2ko goizaldeko lehen orduetan" gertatu zela, eta biktimaren gorpua hil berritan eraman zutela handik bi egunera langile batzuek aurkitu zuten tokira. Poliziek darabilten "hipotesi nagusia" da "eztabaida gogor" bat izan zutela atxilotutako bikoteak eta biktimak urtarrilaren 1eko 23:30ak aldean, eta eztabaida horren ondoren gertatu zela hilketa, landetxean bertan. Autopsiak argitu duenez, labankadaka hil zuten Pujana.

Hona hemen eskualdeko deialdiak:

Gaur, ostirala

  • Azkoitia. 19:00etan, plazan. Sostenipe talde feministak deituta.

Bihar, larunbata

  • Zarautz. 12:00etan, Udaletxe plazan. Zarauzko Koordinadora Feministak deituta.
  • Aizarnazabal. 12:30ean, udaletxe aurrean.
  • Zumaia. 12:30ean, Beheko plazan. Zumaiako Mugimendu Feministak deituta.
  • Azpeitia. 18:00etan, plazan. Basanderiek talde feministak deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide