Zarautzera eta Zumaiara ere iritsi da COVID-19aren aurkako Pfizer txertoa, eta gaur hasi dira txertaketak Zarauzko Santa Anan eta Zumaiako San Juanen eta Otezurin. Santa Anan 77 egoiliarrek –bik eman dute ezezkoa– eta 63 langilek –hemezortzik eman dute ezezkoa– jaso dute txertoa gaurkoan, eta San Juanen, 34 langile eta 26 egoiliar txertatu dituzte. Dena den, jakinarazi dute une honetan bakartuta dutela San Juango bigarren solairua, kasu positibo bat atzeman ostean.
Otezurin 100 egoiliarri eta 75 behargini jarriko diete txertoa guztira, baina "osasun-arazoak" tarteko, hainbat langile aurrerago txertatuko dituzte, ospitalean.
Txertaketaren aurreneko fasea izango da honakoa hiru zahar-etxeetan, eta berez hurrengo saioek 21 egunera izan beharko luketen arren, Santa Anako langileek, esaterako, azaldu dute oraindik ez zaiela jakinarazi zehazki noiz izango duten hurrengo hitzordua. "Bigarren fasearen zain gaude, eta irrikaz hori lehenbailehen heltzeko", dio Maite Ijurrak. Erizain jarduten du Santa Anan.
"Martxoa inguruan nahikoa kutsatu izan genituen, eta gaizki pasatu genuen. Irrikan geunden babes hori jasotzeko moduren bat aurkitzeko. Pandemia bat da hau azken finean, eta guk ikusten dugu ez dagoela beste aukerarik", azpimarratu du Ijurrak. Langileak azaldu du Zarauzko eta Zumaiako egoitzak direla, aurreneko fase honetan, txertoa jasotzen azkenak: "Ez dakigu zein irizpide jarraitzen dituzten txertaketarako zerrendak egitean, baina guk lehenbailehen jartzea nahi genuen. Azkenean ez da horrela izan eta azkenak gara, baina heldu zaigu azkenean".
Getariako, Orioko eta Zarauzko eguneko zentroei dagokienez, oraindik ez dakite zein egunetan jasoko dituzten txertoak.
Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan ere bigarren fasearen zain
Urola Kostako gainontzeko egoitzetan egin dituzte jada lehenengo txertaketak. Azkoitiko San Jose izan zen eskualdean txertoaren aurreneko dosiak jaso zituen zahar-etxea: urtarrilaren 4an jarri zuten txertoa egoiliarrek eta langileek. Azpeitiko San Martinen urtarrilaren 8an ekin zioten txertaketari eta, guztira, 115 txerto banatu zituzten. Zestoan, aldiz, joan den asteazkenean jaso zuten txertoa Gisasola eta San Juan egoitzetako behargin eta egoiliarrek; hain zuzen, 55 txerto jarri zituzten aurrenekoan, eta 75 bigarrengoan.