Guardia Zibilak kalamu plantazio bat atzeman du Zumaiako pabiloi batean

Maria Maya Manterola 2020ko abenduaren 30a

Hiru pertsona atxilotu dituzte, droga trafikoa leporatuta. Polizia iturriek adierazi dute pabiloia kalamuaren hiru hazkuntza etaparen arabera zutela banatuta, salgaia etengabe eskura izateko.

Guardia Zibilak zabaldutako irudia, Zumaian ustez atzemandako kalamu plantazioaren harira

Guardia Zibilak kalamu plantazio bat atzeman du Zumaiako nekazaritza pabiloi batean. Polizia iturrien arabera, pabiloiko gelak kalamua barruan hazteko egokituta zeuden. Operazioan 45 eta 50 urte arteko bi gizonezko eta emakumezko bat atxilotu ditu Guardia Zibilak, eta Azpeitiko Lehen Instrukzio Epaitegiaren esku dira orain.

Guardia Zibilak jakinarazi du produkzioa denboran ez eteteko eta salgaia etengabe eskura izateko, plantazioa hiru hazkuntza etaparen arabera zutela banatuta. Gune batean 1.200 loreontzi zituzten prest haziak ereiteko, beste gune bat egokituta zuten landareei adaxkak ateratzeko, eta saltzeko prest zeuden landareak biltzeko gunea ere bazuten.

Azkenik, lehortegi bat ere atzeman dute pabiloian, saltzeko prest zeuden kalamu poltsekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide