'Bateragune auzia' errepikatzearen aurkako mobilizazioak egingo dituzte larunbatean eskualdean

Andoni Elduaien 2020ko abenduaren 17a

Euskal Herriko hainbat hiritan eta herrietan bezala, 'Demokrazia' lemapean mobilizazioak egingo dituzte eskualdean. Larunbatean 12:00etan egingo dituzte elkarretaratzeak herri gehienetan; Zarautzen, 12:30ean izango da.

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzia errepikatzeko erabakia hartu ostean, EH Bilduk mobilizaziorako deia egin du datorren larunbaterako. "Erabakia Euskal Herrian bakearen eraikuntzan emandako aurrerapausoen aurkako erasoa da. Estatuaren injustizia sistema honetan ez dago demokraziarik Euskal Herritarrentzat", azaldu du koalizio independentistak.

Bateragune auzia errepikatzearen aurka mobilizatzeko Euskal Herrian antolatu diren herriz herrikako deialdiekin bat egin dute Urola Kostako herrietako EH Bilduk, eta larunbatean, elkarretaratzeak egingo dituzte. Azkoitian, 12:00etan, herriko plaza nagusian elkartuko dira. Azpeitian, bestalde, udaletxe aurrean 12:00etan egingo dute mobilizazioa. Getarian, ordu berean, Gudarien enparantzan bilduko dira. Orion, ostera, udaletxe aurrean egingo dute kontzentrazioa 12:00etan, Zestoan herriko plazan egingo dute eguerdian, eta Zumaian Beheko plazan, ordu berean. Zarautzen aldiz, 12:30ean egingo dute mobilizazioa udaletxe plazan.

Euskal Herriko hainbat taldek jakinarazi dute mobilizazioekin bat egingo dutela. Besteak beste, ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Nafarroako Izquierda Unida, Gure Esku, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare, Etxerat eta CCOO-Euskadi erakundeek egin dute bat. "Injustizia honi aurre egiteko larunbat honetan guztiok plazara. Ez gaituzte ez geratuko eta ez ixilduko; demokraziaren aurkako erasoen aurrean, batera aurre", azaldu du EH Bilduk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide