Toledoko Ituneko gomendioen aurka atera dira kalera ehunka lagun

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abenduaren 5a

Aspaldiko babes handienarekin mobilizatu dira gaur pentsiodunak Getarian, Zarautzen nahiz Zumaian. Eguraldi petralari aurre eginez, aldarri berberak atera dituzte kalera hiru herrietan.

Zarautzen kasuan, gainera, herriko hamabost eragileren atxikimendua jaso dute Toledoko Itunean jasotako gomendioen aurka daudela irmo azaltzeko. Hala, protestarekin bat egin dute Santa Ana egoitzako langileek, Eguneko Zentroko langileek, Zurekin elkarteko tabernariek, Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataformak, Duintasuna Jubilatuen Elkarteak, Zarauzko anbulatorioak, ELA sindikatuak, LAB sindikatuak, Bilgune Feministak, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Ikasle Abertzaleek, EH Bilduk, Sortuk, Ernaik eta Ikamak. 

Hainbat herritarrek soinean eraman ditu aldarriak Zarautzen. (Amaia Urbieta Arruti)

Indarrak batuta egin dituzte hamaika aldarrikapen zehatzak, beraz. Honako hauek dira:

  • KPIaren igoera guztientzat.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • 2010-2012ko Lan Erreforma eta 2011-2013ko Pentsio Erreforma indargabetzea eta, bereziki, jasangarritasun faktorea.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  • Zigorrik gabeko erretiroa, 40 urte kotizatuta izanez gero.
  • Gizon eta emakumeen soldaten eta pentsioen arteko arrakala gainditzea.
  • Bikoteari dagokion pentsio osoaren araberakoa izatea alargunen pentsioa, eta kontratu duinak etxeetako langileentzat.
  • Pentsio publikoen etorkizuna bermatzea, pribatuei laguntza publikoa ukatuz.
  • Helduentzako arreta eta zerbitzu soziosanitario publikoa lehenestea finantzazioa handituz eta kalitatezko sare publiko eta unibertsala sortuz.
  • Gizarte Segurantza propioa.
  • Euskara arlo guztietan bermatzea.
Zumaian, Saregileen plazatik abiatu da protesta. (Juan Luis Romatet)

"Kalean jarraitzeko inoiz baino arrazoi gehiago ditugu"

Pentsiodunen hitzetan, "agerian" utzi dute Toledoko Itunaren gomendioek egungo Gizarte Segurantza "jasanezina" dela. "Pentsioen etorkizuna gastuaren eta demografiaren arabera zehazten duen botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen da, eta garrantzia handiko gaiak baztertzen ditu, hala nola enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea eta ekonomiaren produktibitatearen gehikuntzen bidezko birbanaketa". Horrez gain, salatu dute "bidezkoak bezain ezinbestekoak" diren aldarrikapen asko baztertu egin direla eta, "berriz ere", Pentsiodunen Mugimendua erabakitze guneetatik at geratu dela.

Aldarriek aurrera egin dezaten, gizarte osoak mobilizatu beharko lukeela argi dute pentsiodunek. "Lan-bizitzaren amaieran pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoaren aldeko borroka gizarte osoarena da". 

Getariako mobilizazioa. (Intza Unanue)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide