Eskualdeko bi jokalari, Munduko txapelketarako Espainiaren aurreselekzioan

Juan Luis Romatet 2020ko abenduaren 2a

Egipton jokatuko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, urtarrilaren 13tik 31ra bitartean. Espainiakoa selekzioko hautatzaileak lehen zerrenda bat egin du, eta bertan dira Jon Azkue oriotarra eta Kauldi Odriozola zumaiarra.

Hilabete eta erdi barru hasiko da 2021eko Munduko eskubaloi txapelketa, Egipton. Urtarrilaren 13tik 31ra bitartean jokatuko da txapelketa hau, eta parte hartuko duten selekzioak hasi dira prestaketa lanetan. 

Espainiako selekzioko hautatzaile Jordi Riberak 35 jokalariz osatutako lehen zerrenda bat osatu du, eta horien artean dira eskualdeko bi jokalari, biak ere Irungo Bidasoa klubeko kideak: Jon Azkue oriotarra eta Kauldi Odriozola zumaiarra. Biek ere jokatu dute Espainiako selekzioarekin.

35 jokalari horietatik hogeiko taldea osatu beharko du Riberak. Mundial honek duen berrikuntzetako bat da hau: normalean hamasei jokalariz osatzen dira selekzioak, baina pandemia dela eta hogeira igo du Federazioak txapelketara eraman daitekeen jokalari kopurua.

Espainiako selekzioa B multzoan ariko da Egipton, eta Tunisia, Brasil eta Polonia izango ditu aurkari. Urtarrilaren 15ean Brasilen aurka ariko da, 17an Polonia izango du aurkari, eta lehen faseko azken partidan, hilaren 19an, Tunisiaren aurka ariko da. Lehen fase honetako helburua lehen hiruen artean sailkatzea da, horren main rounda jokatzeko txartela ematen duelako. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide