Indarkeria matxistaren kontrako aldarriek hartu dituzte eskualdeko herrietako plazak eta kaleak

Maialen Etxaniz - Dorleta Agiriano Lai 2020ko azaroaren 25a

Azaroak 25 ditu gaur, eta beste urte batez, indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapena kalera ateratzeko eguna izan da hamaika txokotan. Urola Kosta ez da salbuespena izan; Azkoitian, Azpeitian, Getarian, Errezilen, Orion, Zarautzen, Zestoan nahiz Zumaian izan da zer aldarrikatu eta zer hausnartu.

Goizean, Ikasle Abertzaleek antolatuta, elkarretaratzeak egin dituzte Azkoitia BHIko patioan eta Azpeitiko anbulatorioaren aurrean. Bizitza biolentoen aurrean ikasle antolakuntza! lema hartuta, ehunka ikasle batu dira protestetan. Horrez gain, Azkoitian, Azpeitian nahiz Zarautzen landu dute Genero problematika hezkuntzan izeneko hitzaldia.

Arratsaldean ere mobilizaziora jo dute eskualdean. Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta, 18:00etan kontzentrazioa izan da Azpeitiko plazan Indarkeria matxistaren aurrean gaitasun sozialistak antolatu lelopean, eta 150 lagun inguruk egin dute bat deialdiarekin. Zarautzen, aldiz, herriko kaleetan barrena bizikleta martxa egin dute hainbat eta hainbat emakumek, 18:00etan Emakumeen* Etxe aurretik hasita. Horren ostean, Munoa plazan elkartu dira guztiak, amaiera ekitaldian parte hartzeko. Zarauzko Koordinadora Feministako kide batek, Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Mugimenduko kide batek eta emakume gazte batek hartu dute hitza. 18:30ean Zumaian ere egin dute elkarretaratzea, mugimendu feministaren eskutik; Ez zaizkigu kontuak ateratzen... Hartu dagokizuen erantzukizuna eskatu dute ehunka lagunek.

19:00etan ere izan dira mobilizazioak. Azkoitian Sostenipe taldeak antolatu du elkarretaratzea ordu horretarako, Emakumeok aske eta bizirik aldarri. Azpeitian Basanderiek talde feministak deituta kontzentrazioa eta ekitaldia egin dituzte ordu berdinean; aldi berean, Errezilen ere izan da kontzentrazioa, goiko frontoian, eta pertsona ugari batu da deialdira. Orion ere 19:00etan hasi da Xaltxerak talde feministaren manifestazioa, Erasotzailea zu zara pankarta hartuta. Eusko Gudari eta Arrantzale kalea zeharkatu dituzte. Bargaztak talde feministak deituta, aldiz, Ez daudenen ahotsa gara. Erasoen aurrean denok bat lelopean izan da elkarretaratzea Zestoan.

Getarian 20:00etan egin dute ekitaldia Mariñak talde feministako kideek. Elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, eta pankarta luze bat eskegi, azken urteetan erail dituzten emakumeen izen-abizenekin, adinarekin eta urtearekin.

Gaurko egunak utzi duena, irudietan:

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide