Sarek deituta eta #IzanBidea dinamikaren barruan, hainbat ekintza egin dituzte Zestoan, Zarautzen eta Zumaian. Zestoan, atzo, larunbata, herriko plazan bildu ziren dozenaka lagun eta plaza argiztatu zuten preso, errepresialitu eta deportatuen eskubideen alde eta haien etxeratzea eskatuz. Zumaian eta Zarautzen gaur egin dituzte mobilizazioak; Zumaian eguerdian hainbat lagun elkartu dira Magnoliopean. Zarautzen, berriz, giza katea egin dute itsas pasealekuan eta bukaeran argazki jendetsua atera dute Munoan.
Espetxe politika salatu eta presoen auziari behin betiko konponbidea ematea eskatzeko egin dituzte mobilizazioak asteburuan Euskal Herriko hainbat herritan. Sarek joan den maiatzean martxan jarritako #IzanBidea dinamikaren barruan egin dituzte asteburuko ekintzak. Sare dinamikak azaldu du, espetxeetako egoerak "okerrera" egin duela COVID-19aren ondorioz, bai preso direnen, bai bisitara joaten diren senideen egoera zaildu da. Oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausoak eman daitezen eskatu du Sarek asteburuetan egindako mobilizazioen bidez, eta "salbuespen espetxe politika amaitu beharra" aldarrikatu du. Horrez gain, hainbat eskaera zehatz egin dituzte, besteak beste, larriki gaixo diren presoen kaleratzea, urrunketa politikaren amaiera, gradu progresioa, zigorren batuketa nahiz bakartuak diren emakume presoen bateratzea.
"Une historikoa"
Sareko kideek adierazi dute "une historiko bat" dela egungoa: "Batetik, Euskal Herri mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioak gehiengo politiko, instituzional, sindikala eta soziala batzen dituelako; bestetik, bai Madrilen eta bai Parisen, espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengoz, nahiz eta egin diren urratsak, arnasgune izanda ere, nahikoa ez izan". "Aukera probestu beharrean gaude", adierazi du Sarek.
Egoera "zaila" izan arren eta denen segurtasunagatik "arduraz jokatzea" egokitu arren, "hilabete zail hauetan guztietan aktibo" egon direla nabarmendu du Sarek. #IzanBidea dinamikaren bidez, "milaka herritar urratsak egiten hasi direla" esan du Sarek: "Preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko pausoak emanez, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak eginez".