Elkarretaratze birtuala egingo dute ikasleek azaroaren 25ean

Aiora Larrañaga 2020ko azaroaren 20a

Eskualde mailako ekitaldia izango da, eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ikasleek manifestua irakurriko dute. Ondoren, bideoa sare sozialetan partekatuko dute

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da, eta hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunetarako. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ikasleek, esaterako, urtero bezala, tratu onen aldeko aldarria zabalduko dute, ikastetxeek, udalek eta eskualdeko Hezkidetza Foroak deituta. Aurreko urteetan ekitaldi jendetsuak egin badituzte ere, aurtengoa desberdina izango da, COVID-19ak sortutako egoera dela eta; modu telematikoan egingo dute eta ekitaldi bakarra izango da eskualdeko osorako.
Hala, azaroaren 25ean, 12:00etan konektatuko dira ikastetxeak eta udalak Berritzeguneak prestatutako gela birtualera. Ekitaldi laburra izango da: manifestua irakurriko dute ikasleek, indarkeria matxistaren kontra agertzeko, eta Aner Peritz Euzkitze-k ekitaldirako sortutako bertsoak kantatuko dituzte.
Ondoren, sare sozialetan ekitaldiaren bideoa partekatuko dute, herritarren artean mezua zabaltzeko. Zarauzko Berritzeguneko kide Nekane Azurmendik Orioko aurkezpenean azaldu duenez, indarkeria matxista «gure gizarteak duen arazo larrienetakoa da. Horregatik, ezinbestekoa da gogoeta egitea». Hain zuzen ere, Urola Kostako ikasleek lantzen dute gaia ikasturtean zehar.

EGITARAUA
Azaroak 21, larunbata
- Azpeitia. Urola Erdiko Itaiaren eskutik, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharra hitzaldia, 17:00etan gaztetxean.
- Orio. Indarkeria Sexistaren (h)egiak jardunaldiak, Arraunetxen.

Azaroak 24, asteartea
- Zumaia. Indarkeria matxista. COVID-19aren beste errealitatea eta aurre egiteko estrategiak hizaldia Sheila Melcon Sortzen aholkularitzako adituaren eskutik, 18:30ean Alondegian, euskaraz.

Azaroak 25, asteazkena
- Azkoitia. Sostenipe talde feministak deituta, elkarretaratzea, 19:00etan Herriko plazan.
- Azpeitia. Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta, elkarretaratzea, 18:00etan herriko plazan.
Basanderiek talde feministak deituta, elkarretaratzea, 19:00etan herriko plazan.
- Getaria. Mariñak talde feministak deituta, ekitaldia herriko plazan, 20:00etan.
- Orio. Xaltxerak talde feministak deituta, elkarretaratzea, 19:00etan.
- Zarautz. Koordinadora Feministak antolatuta, bizikleta martxa 18:00etan, Emakumeen* Etxetik abiatuta. Ekitaldia Munoan, 18:30ean. 19:00etan, Erradikalak ginen Modelo aretoan.
- Zumaia. 18:30ean, mugimendu feministak deitutako elkarretaratzea, Beheko plazan.

Azaroak 26, osteguna
- Azkoitia. Malen Etxea Zaintzaren Esklabo dokumentalaren emanaldia, 18:30ean Kultur Etxean. Ondoren, Maitane Subijana egilearekin sentsibilizazio solasaldia.
- Zumaia. Euskal demokrazia patriarkala liburua aurkeztuko du Jule Goikoetxeak, 18:00etan Alondegian, euskaraz.

Azaroak 27, ostirala
- Zarautz. Samara Velte kazetariak hitzaldia eskainiko du komunikabideetan egiten den indarkerian trataeraz. Ondoren, Egografia emanaldia gaztetxean, ipuin motzen errezitaldiak irudiz lagunduta. Ostiraleko ekitaldiak saiatuko dira streaming bidez ematen.

Abenduak 2, asteazkena
- Getaria. Pentsio diskriminatzaileak hitzaldia Batirtze Diez eta Oneka Emakume Pentsionisten eskutik, 19:00etan, Ulpiano etxean.

Abenduak 10, osteguna
- Getaria. Malen Etxea Zaintzaren Esklabo dokumentalaren emanaldia, 19:00etan Iturzaeta eskolako aretoan.
- Zumaia. Zinegoak zikloko Indianara filma, 19:00etan Aita Marin, euskaraz.

Abenduak 13, igandea
- Getaria. Erroa eta geroa, emakume baserritarrei buruzko dokumentala (Sorginatxurrak taldea), 19:00etan Iturzaeta eskolako aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide