Saharar herriari babesa adierazteko, mobilizazioak deitu dituzte Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian. Azpeitian, elkarretaratzea egingo dute dute gaur herriko plazan, 19:00etan hasita; Khamar saharar herriaren aldeko Azpeitiko elkarteak eta herriko sahararrek deitu dute elkarretaratzera, eta Azpeitiko Sortuk bat egin du deialdiarekin. Zarautzen, udaletxearen aurrean elkartuko dira, 19:00etan, Saharautz elkarteak deituta. Zumaian, berriz, udalak deituta egingo dute mobilizazioa, larunbatean, 12:00etan, Beheko Plazan.
Egunotan askotarikoak ari dira izaten Sahara libre baten aldeko mobilizazioak nahiz Saharari babesa adierazteko atxikimenduak. Zumaiako EH Bilduk eta EAJk adierazpena kaleratu dute, herri horretako Darahli elkartearen eskaerari erantzunez. Hain zuzen ere, udal talde horiek Sahara Euskadi Mugimenduaren eta Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritzaren adierazpenera atxikitu dira. Besteak beste, zera nabarmendu dute: "Elkartauna adierazten diogu saharar herriaren eta haren legezko ordezkari den Fronte Polisarioaren borrokari".
Era berean, adierazpen bateratua kaleratu dute Zarauzko Udala osatzen duten talde guztiek. Herri sahararrerekiko "zalantzarik gabeko" elkartasuna berretsi dute, eta bat egin dute duela urte askotik euskal gizarteak Sahararekiko erakutsi duen elkartasun korrontearekin.
Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko tentsioak gora egin zuen joan den ostiralean; izan ere, 1991tik indarrean dagoen su eten akordioa hautsi zuen Marokok. Rabatek armada bidali zuen Guergueratera, herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugara, dozenaka manifestari sahararrek urriaren 21ean ezarri zuten garraio blokeoa desegitera. Horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen larunbatean Mendebaldeko Saharan. Horren aurrean, askotariko protestak egiten ari dira Euskal Herriko hainbat lekutan.