Kalera atera dute "burgesiaren zuzeneko diktaduraren" aurkako aldarria Azpeitian eta Zumaian

Maialen Etxaniz 2020ko azaroaren 8a

Urola Erdiko eta Urola Kostako GKSk deituta, 'Burgesiaren ofentsiba gelditu!' lelopean manifestazioa eta kontzentrazioa egin zituzten atzo arratsaldean Azpeitian eta Zumaian, hurrenez hurren. Azpeitian bigarren astez atera ziren kalera GKSko kideak, herriko kaleetatik manifestazioa eginez. Zumaian, aldiz, Urola Kostako Jardunaldi Politikoen bigarren saioa amaitzean egin zuten kontzentrazioa.

Urola Erdiko eta Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, kalera atera zuten "burgesiaren zuzeneko diktaduraren" aurkako aldarria Azpeitian eta Zumaian. "Burgesiak ezarritako eredu totalitarioaren" aurrean "askatasun zibil eta politikoak" defendatu zituzten eskualdeko GKSko kideek.  

Azpeitian bigarren astez deitu zuten mobilizazioa. Joan zen astean elkarretaratzea egin ostean, atzo manifestazioa egin zuten herriko kaleetatik, "Burgesiaren ofentsiba gelditu!' lelopean. Aldarri berarekin elkartu ziren Zumaian, Odieta pilotalekuan egindako elkarretaratzean. Kontzentrazioaren aurretik Urola Kostako Jardunaldi Politikoetako bigarren eta azken hitzordua izan zen Torreberri Gaztetxean. Bertan, GKSren aurkezpena egin eta gazte kriminalizazioaz eta kontrol neurriez solastu ziren. 

GKSko kideek "oligarkia finantzieroaren, politikari profesionalen eta enpresari handien diktadura" gelditzeko eskatu eta "askatasun kolektiboak borrokatzeko" aldarrikatu zuten atzoko mobilizazioetan. Era berean, azken boladan pandemia kudeatzeko agintariek hartu dituzten neurriek "interes zehatzak, burgesiaren interesak" defendatzen dituztela salatu zuten. Halaber, "neurri totalitario" horien aurrean, eurek "antolakuntza komunista" aldarrikatzen dutela bizitzako esparru guztietarako. Era berean, borrokatzearen garrantzia azpimarratu zuten: "Gizarte kapitalistak giza espeziearen dekandentzia dakar, gutxi batzuen ongizatea gehiengoaren askatasun ezaren kontura eraikitzea ekartzen duena. Oraina borrokatu ezean, ez guk eta ezta datozen belaunaldi berriek ere ez dute berdintasunean eta askatasun kolektiboan oinarritutako bizi ereduaz gozatzeko inolako aukerarik izango. Borrokatu ditzagun, beraz, askatasun kolektiboak, eta antolatu gaitezen gaurdanik horren alde".

Hona hemen Azpeitiko eta Zumaiako deialdietako argazkiak: 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide